Kalera Kalera! dinamikak preso eta iheslarien egoera gizarteratuko du hilabetez

Ttipi-Ttapa 2016ko abe. 13a, 07:47

Beran itxialdia eginen dute asteburu honetan, hainbat ekitaldirekin, Baztanen bideo emanaldia eta bertze zenbait ekintza eta Leitzan ere itxialdia iragarri dute

Asteburuan eman zaio hasiera “Kalera Kalera!” ekimenari Usurbilen. Abenduaren 10etik urtarrilaren 8ra arte iraungo duen mobilizazio zikloak presoen auzia eta gatazkaren ondorioak jendearengana gerturatzea ditu helburu.

 

Hasiera emateko hamarnaka preso ohi eta herritar gerturatu ziren Usurbilgo plazan egin zen ekitaldira. Bertan egonen da gune nagusia, Kaleragunea, eta preso ohiek osatutako talde batek egunero lo egingo duen lekua.  Horretaz gain, herriz herri ere hainbat ekitaldi prestatu dituzte.

 

Beran

Berako Udaletxean, erraterako, Euskal preso politikoen eskubideen aldeko itxialdia eginen dute. Itxialdiari abenduaren 16an, ortzirale arratseko 9etan hasiko da eta abenduaren 17an, larunbat arratsaldeko 5:30ean bukatuko da, ekitaldi nagusiarekin. Hain zuzen, eskualde mailako argazki erraldoia aterako dute Herriko Etxeko Plazan.

Itxialdia dauden bitartean ekintza ezberdinak prestatu dituzte. Honela, ortziralean 21:30ean, Bisaiak: jauziaren aurpegiak dokumentalaren emanaldia (proiekzioa eta aurkezpena) eginen dute. Larunbat goizeko 10etan pankarta tailerra, esku orri banaketa eta arratsaldeko ekitaldiaren prestaketa eginen dute, hain zuzen, 17:30ean eginen den argazki erraldoiaren prestaketa.

 

Baztanen

Baztanen ere, Kalera kalera! Ekimenarekin bat eginez, egitarau berezia prestatu dute data hauetarako. Abenduaren 15ean, ortzegunean 19:30ean Hain luze, hain labur bideo emanaldia eskainiko dute Erratzuko lixutegian.

Abenduaren 28an, Borroka armatua eta kartzela solasaldia eskainiko dute 19:00etan Arizkunenean.

Urtezahar egunean San Silbestre lasterketa eta urtarrilaren 7an Saioara mendi martxa eginen dituzte.

 

Leitzan

Leitzan, abenduaren 23tik 24ra itxialdia egiteko asmoa dute

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun