Euskararen Nazioarteko Eguneko Mintzodromoa hagitz arrakastatsua izan da

Ttipi-Ttapa 2016ko abe. 5a, 08:31
150 lagun, launakako mahaietan banatuta, hiru gairen inguruan solasean aritu ziren.

150 lagunetik goiti parte hartu zuten

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, Hego Lapurdiko Hiriguneak eta Bidasoa-Txingudi Partzuergoak osatzen duten Sareuska sareak, Mintzodromoa antolatu zuten abenduaren 3rako. 150 lagunetik goiti bildu ziren eta lau laguneko mahaiak osatuta, hiru gairen inguruan aritu ziren solasean. Peio Ospital, Kalakan taldeko bi kide eta Maialen Arzallus izan ziren gonbidatu bereziak.

 

Bortzirietako solaslagun taldea bertan izan zen eta Mentxu Peñak, Bortzirietako Euskara Mankomunitateko Lehendakariak eta Ander Almandozek ere, Arantzako Udaleko zinegotziak, solaslagun gisa parte hartu zuten euskaldun berriekin. Solaserako aukeraz gain, aldarrikapen eta bestarako tartea ere izan zen. Euskararen Nazioarteko Egunaren harira Pauso bat aurrera adierazpena irakurri zuten Kalakaneko bi musikariek. Peio Ospitalekin batera kantu bat kantatu zuten guztiek eta Maialen Arzallusek agurreko bertsoa bota zuen.

 
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun