Eskualdeko arraindegietan erabiltzeko tupperrak banatuko dituzte Baztan-Bidasoaldean

Ttipi-Ttapa 2016ko aza. 21a, 08:54
Arraindegietan tupperra erabiliz aunitz murrizten da papera eta plastikoaren erabilera.

Hondakinen Prebentziorako Astearen baitan, azaroaren 21etik 25era bitartean banatuko dira eta kanpainak Eguberriak arte iraunen du

Baztango Udalak eta Bortziriak eta Malerrekako Mankomunitateek, Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen baitan, arraindegietan sortzen diren plastiko eta paper hondakinak saihesteko tupperrak banatuko dituzte herritarren artean. Kanpainaren helburu nagusia hondakinak sortzearen arazoei buruzko gogoeta eragitea, eta erosketak egiterakoan hau kontutan hartzea da.

 

Gure erosteko ohiturek eta erosketak egiteko moduek eragin haundia dute hondakinen sorreran eta erosketarako poltsa berrerabilgarriak eta tupperrak erabiltzeko ohitura hartuz gero sortutako hondakin kopurua aunitz murrizten ahal dugu. Azaroaren 21etatik 25era bitartean tupperrak banatuko dira doan (tupper bat familia bakoitzeko) eta abenduaren 19a bitartean tupper hauekin eskualdeko arraindegiren batera joaten garen bakoitzean arraindegirako erosketa bono baten zozketan parte hartzeko txartela eskuratuko dugu.

 

Hondakinen Prebentziorako Europako Astea Nafarroan

Hondakinei aurrea hartzea premiazko kontua da Europar Batasuneko herrialde guztientzat, etxeko hondakinak bikoiztu egin baitira azken 40 urtean, eta kopurua % 1etik % 2ra bitarte igotzen da urtero. Hondakinei buruzko 2008/98/EE Zuzentarauak prebentzioak hondakinak kudeatzeko hierarkian lehentasuna duela xedatu du, hondakinak murrizten laguntzen bait du. Horrela, Nafarroako Hondakinen Planak ere hiri hondakin solidoak 2020rako % 10ean murrizteko proposamena egiten du.

 

Hondakinen prebentzioa gure eskualdean

Baztango Udalak eta Bortziri eta Malerrekako Mankomunitateek jakin badakite hondakinen prebentzioa bultzatu beharra dagoela; horregatik, bestelako jarduerak ere antolatzen dira prebentzioaren arloan. Horrela, tamaina handiko hondakinak eta TEEHak berrerabilpena sustatzen dugu, besta eta egun berezietarako edalontzi eta baxera berrerabilgarrien erabilpena, bokatak biltzeko bilduko berezi edo Boc´n rollen erabilpena, etab.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun