Lesakako Arcelor Mittaleko hitzarmenaren aurre akordioa sinatzearen alde agertu da langileen gehiengoa

Ttipi-Ttapa 2016ko aza. 18a, 11:20

ELAk sustatutako kontsultan parte hartu duten 131 langileetatik 103k eman dute aldeko botoa eta LABen ustez, aurre akordio honekin, lantokiaren etorkizuna kolokan egonen da

LABek izan ezik, Lesakako Arcelor Mittal lantokiko bertze sindikatuak (CCOO, UGT eta ELA), lan hitzarmen berriaren aurre akordioa sinatu egin dute. LABen ustez aurre akordio horrek ez du langileen etorkizun duin bat bermatzen. ELAk sustatuta Legasa eta Lesakako lantegietan egindako kontsultetan 103 langile agertu dira sinaduraren alde.

Hain zuzen, 200 langileko zentso batetik 38 oporretan, baimenarekin edo bajarekin zeudela kontuan hartuz 162 langilek parte hartu zezaketen bozketan. Horietatik 131k parte hartu dute (%81). Bozketako emaitzei dagokienez, 103 langile aurreakordioa sinatzearen alde agertu dira (%65), 20 kontra (%12), 2k txuri bozkatu dute eta 6 bozka baliogabe izan dira. 31 langilek ez dute bozkatu, beraz, abstentzioa %19koa izan da.

Azpikontratazioa erabilita eta errelebotasuna kanpoan eginda, gaur egun Asturiasen egiten baita, lantegiak bilatzen duena langile kopuru «malgu» bat izatea da, produkzioaren arabera egokitu ahal izango lukeena. «Horren ondorio bakarra lan guttiago eta prekarioagoa izanen litzateke», LAB sindikatuaren ustez. Bertze taldeen sinadura gezurren eta mehatxuen bitartez lortu dutela uste du LABek, «erraten zutenez, sinatuz gero Madrilen onartutako akordio markoa ez litzateke aplikatuko, gaur den egunean indarrean dauden neurri batzuk bertan behera geldituta».  LABek garbi du ez dela mehatxu hauen aitzinean makurtuko eta lantokiaren etorkizun duin baten alde segituko duela borrokatzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun