Euskadi Literatura Sariak jaso dituzte Luis Gardek eta Fernando Mikelarenak

Ttipi-Ttapa 2016ko aza. 18a, 10:16
Fernando Mikelarena eta Luis Garde, sariekin.

Azaroaren 17an egin zen sari-emate ekitaldia Donostiako San Telmo Museoan eta Iñigo Urkullu lehendakariaren eskutik jaso zituzten sari garrantzitsuak

Euskadiko Literatura Saria entzutetsuak banatu ditu Eusko Jaurlaritzak eta horietako bi, eskualdeko bi egilerentzat izan dira: Euskarazko literaturaren arloan, Donezteben bizi den Luis Garde iruñearra (Ehiztariaren isilaldia, Pamiela) saritu dute. Gaztelerazko saiakera saria Fernando Mikelarena Peña historialari beratarrak lortu du, Pamiela argitaletxeak argitara eman duen Sin piedad. Limpieza política en Navarra, 1936 liburuarekin. Sariak Iñigo Urkullu lehendakariaren eskutik jaso zituzten, bertze saridunek bezalaxe. Aitor Elexpuru eta Marga Erdozain, Bera eta Doneztebeko udaletako kultur zinegotziak ere lagun izan zituzten Donostian, baita bi herrietatik hurbildutako hainbat lagun ere.

 

Luis Garde

Luis Gardek Euskadi literatura saria irabazi du Ehiztariaren isilaldia lehen nobelarekin (Pamiela). Epaimahaiak nabarmendu zuen egilearen beraren traza duen narratzaile eta ikerlariaren bidez gaizkia eta injustizia ardatz dituen obra ondu zuela Gardek. 1938ko maiatzean, Iruñerriko Ezkaba mendiko (Nafarroa) espetxetik ihes egin zuten 800 bat presok, baina hiruk baino ez zuten lortu Ipar Euskal Herriko muga igarotzea. «Oroimena da obra honen mamia; nola eraikitzen den, eta nola eraisten. Oroimenari esker aldentzen gara historiaren ikuspegi epikoetatik; memoriari esker aldentzen dugu geure burua neurriz kanpoko autokonplazientziatik ere». Oroimena ez galtzeko, hitza da gakoa, Gardek azaldu zuenez: «Memoriak hitza bilatzen du. Eta idazleak, poetak, ere hitzen ehiztariak dira. Ahazmenaren kontrako hitzen ehiztariak. Lan isila da idazlearena, baina ehiztariaren lan hori beharrezkoa da isilaraziaren memoria eraikitzeko». Iruñean jaio arren, aspaldian Donezteben bizi da Luis Garde eta Ttipi-Ttapako iritzi saileko kolaboratzaile ere bada.

 

Fernando Mikelarena

Fernando Mikelarena Peña historialari beratarrak gaztelerazko saiakera saria irabazi du, Pamiela argitaletxeak argitara eman duen Sin piedad. Limpieza política en Navarra, 1936 liburuarekin.

Epaimahaiaren ustez, «ikerketa sakon batetik abiatuta, gizartearen sentsibilitatea hunkitzen duen gai baten inguruko hausnarketarako gonbidapena egiten baitu saiakerak». Modu berean, «lan honek memoria historikoa berreskuratzeari balioa ematen diola» onartzen dute, «isildutako iraganari sarbidea emanez».

Fernando Mikelarenak saria jasotzerakoan aipatu duenez, «liburu gogor, gordin eta mardula da» eta memoria berreskuratu nahi ez dutenentzat solas batzuk ere egin zituen: «Badaude oraindik halakoak Nafarroan. Senideek zer gertatu zen jakin nahi dute, eta bada garaia horretan has gaitezen; egia justizia eta erreparazioa» aldarrikatu zuen.

Memoria aldarrikatu zuten Bera eta Doneztebeko egileez gain, Gabriela Ybarra, Uxue Alberdi, Xabier Olarra, Mikel Casal eta Mitxelko Uranga izan dira aurtengo Euskadi Literatur saridunak.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun