erran.eus

Fernando Etxegaraik hamargarren txapela jantzi du Euskal Herriko koxkor biltze txapelketan

  Kirola  Mendialdea

Maika Ariztegi azpitxapeldun izan zen larunbatean Elgoibarren, hamalau txapel jantzi eta gero

Euskal Herriko gizaseme eta emakumezkoen koxkor biltze txapelketak jokatu ziren azaroaren 12an Elgoibarren. Gizonezkoen artean, Berako Fernando Etxegaraik hamargarren txapela lortu zuen eta emakumezkoetan, Arabako Zuriñe Frutos izan zen txapeldun. 14 aldiz txapeldun izan den Maika Ariztegi iturendarra bigarren postuarekin konforme gelditu behar izan zuen. Gaur egungo Nafarroako txapelduna den Unai Iantzi aniztarra eta lehen parte hartzea zuen Irune Izkue beintza-labaiendarrak hirugarren postuak eskuratu zituzten.

Fernando Etxegaraik hamargarren txapela jantzi du Euskal Herriko koxkor biltze txapelketan
Ariztegik eta Izkuek osatu zuten emakumezkoen podiuma, Zuriñe Frutos txapeldun arabarraren gibeletik. | Ikusi handiago | Argazki originala

 

Gizonezkoetan, Fernando Etxegaraik 6 minutu eta 8 segundo behar izan zituen 50 koxkorrak biltzeko. Elgoibarko ikastolako frontoiak neurririk ematen ez zuela eta, bertze modu batera antolatu behar izan zituzten koxkorrak eta beraz, ez da marka homologatua izanen. Halere denbora bikaina egin zuen Berako kirolariak hamargarren txapela janzteko (6:08). Bigarren, Aritz Ruiz arabarra izan zen (6:25) eta hirugarren, gaur egungo Nafarroako txapeldun den Unai Iantzi aniztarra (6:31). Gibeletik sailkatu ziren Eneko Garmendia gipuzkoarra (6:43), Michel Guilçou lapurtarra (6:44), Aritz Martin bizkaitarra (6:52), Jon Goikoetxea gipuzkoarra (7:05), Guillermo Lopez arabarra (7:17) eta Sendoa Larrea bizkaitarra (7:22)

Emakumezkoetan, hamalau aldiz jantzi du Euskal Herriko koxkor biltze txapela Maika Ariztegi iturendarrak, azken hamahiruak segidan. Azkenekoa iaz Igantzin, baina hurbilean izan zuen Zuriñe Frutos arabarra. Azaroaren 12an Elgoibarren jokatu zen saioan, ordea, krossetan eta mendi lasterketetan ere aritzen den Zurie Frutos arabarra ongi nagusitu zen, 7 minutu eta 17 segundoko denborarekin. Maika Ariztegi iturendarra izan zen bigarren, 40 segundora (7:57) eta lehen aldiz parte hartu duen Beintza-Labaiengo Irune Izkuek osatu zuen podiuma (8:20).

Goizalde Aransolo (8:43) eta Ainhoa Ortega (8:53) bizkaitarrek ere lehen aldiz parte hartu zuten eta laugarren eta bosgarren postuak eskuratu zituzten.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa