Ezkurra II eta Ionek ezustea eman eta Ezkurra eta Etxeberria III.ari irabazi diote binakako txapelketan

Ttipi-Ttapa 2016ko aza. 7a, 09:01
Txapelketan ariko diren bortz bikoteak. Urriza bakarrik falta zen aurkezpenean.

Ortzeguneko estreineko partidan, Ezkurrak eta Etxeberria III.ak irabazi egin zieten Segurola eta Barrenetxea IV.ari

Josetxo Ezkurra II doneztebarrak eta Ionek erremonteko binakako txapelketako lehen ezustea eman zuten larunbatean Galarretan, Koteto Ezkurrari eta Etxeberria III doneztebarrei 38-40 irabazita. Oraingoan, iloba nagusitu zaio osabari eta lehen lau puntuak lortu ditu txapelketan Ionekin batera.

 

Partida orekatua joan zen. Beteranoak 6-1 aitzinetik jarri ziren, baina hamarna eta hamalauna berdindu ondotik, lau tanto aitzinetik jarri ziren Ezkurra II eta Ion. Berriz ere berdinketak izan ziren, hogeitabina eta hogeitazazpina, baina bortz tantoko aldea hartu zuten berriz ere Ezkurra II eta Ionek (27-32). Baina beteranoak ez zeuden amore emateko prest eta 35na berdindu ondotik, 37-35 ere aitzinetik jarri ziren. 37na eta 38na berdindu ondotik, azken bi tantuak urdinen alde erori ziren.

Aipatzekoa da txapelketako lehen partidan, ortzegunean, Koteto Ezkurrak eta Joxe Etxeberria III.ak 40-37 irabazi zietela Segurola eta Barrenetxea IV.ari. Hortaz, Doneztebeko bikotea sailkapen buruan dago, bi partidatan sei puntu eskuratuta. Ezkurra II eta Ionek 4 puntu dituzte partida bakarrean eta Segurola eta Barrenetxea IV.ak 2 puntu partida bakarrean. Uterga eta Endika eta Urriza eta Zubiri oraindik aritzekoak dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun