Solaslaguna egitasmoaren aurkezpen luntxak eginen dituzte egunotan eskualdean

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko urr. 25a, 09:53
Hainbat ateraldi egiten dituzte solaslagunek urtean zehar.

Urriaren 26an Elizondoko Suinki euskaltegian, urriaren 28an Berako Beralandetan eta azaroaren 2an Malerrekako Mankomunitatean

Solaslaguna egitasmoaren ikasturte berriari hasiera emateko aurkezpen luntxak eginen dituzte egunotan Baztanen, Bortzirietan eta Malerrekan. Dagoeneko martxan da Solaslaguna egitasmoa. Parte hartu nahi izanez gero edo bertzerik gabe gehiago informatu, aurkezpen hitzaldira eta ondoren eginen den luntxera joatea bertzerik ez dago, ekitaldi irekia izanen baita.

 

Urriaren 26an, asteazken arratsaldeko 7etan Elizondoko Suinki euskaltegian eginen dute Baztango aurkezpena; urriaren 28an, ortzirale arratsaldeko 7etan Berako Beralandeta aretoan eginen dute Bortzirietakoa eta azaroaren 2an, asteazken arratsaldeko 7etan Donezteben Malerrekako Mankomunitateak duen egoitzan Malerrekakoa.

Baztango Udalaz gain, Bortzirietako Euskara Mankomunitatea eta Malerrekako Mankomunitatea ere egitasmoa bulkatzen ari dira. Helburua euskararen erabilerari bultzada ematea da.

Baztango, Bortzirietako eta Malerrekako Solaslaguna 2007an sortu zen. Solaslaguna programan euskarazko mintzamena hobetu nahi duten hiztunak, txukun solastatzen direnekin elkartzen dira talde ttipietan (normalean launaka edo bosnaka), astean behin eta ordu betez. Iaz 21 talde izatera ailegatu ziren eta 100 lagunetik goiti eman zuten izena egitasmoan. Solaslaguna bezalako programetan parte hartzen dutenek euskara maila hobetzeaz gain, gehiagotan erabiltzen dute eta ongi pasatzen dute, saioetan arrunt gustura egoten direla aitortzen dute. «Euskara ikasten ari diren lagunei lagundu nahi badiezu, edo zure ahozko euskara maila hobetu nahi baduzu SOLASLAGUNA da bilatzen duzuna».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun