Euskal Herriko arpana mistoaren txapela Ultzamara joan da aurten

Ttipi-Ttapa 2016ko urr. 13a, 10:12
Ana Iraizoz eta Josetxo Barberena joan den urteko Nafarroako txapelketan Igantzin. Orduan azpitxapeldun izan ziren eta orain, Euskal Herriko txapeldun.

Itxaso Onsalo aresoarra eta Eugi bigarren izan ziren eta Nerea Sorondo beratarra eta Xabier Urrutia arraioztarra hirugarren

Kanporaketan denborarik onena egin zuten Itxaso Onsalo aresoarra eta Mikel Eugi ultzamarra ziren faborito urriaren 12an Basaurin jokatutako Euskal Herriko arpana txapelketa mistoaren finalean, baina azkenean, bigarren izan ziren, Ultzamako Ana Iraizoz eta Josetxo Barberena lehengusuen gibeletik. Berako Nerea Sorondok eta Arraiozko Xabier Urrutiak osatu zuten podiuma.

 

Bikote bakoitzak, 15 epai eman behar zizkion etzanda jarritako 45 ontzako enborrari eta lehenbiziko postuetan lehia polita izan zen, hiru bikote nafarren artean.

Azkenean Ana Iraizoz eta Josetxo Barberena izan ziren bizkorrenak, 4 minutu eta 51 segundoko denborarekin. Gaure egun Nafarroako txapeldun diren Itxaso Onsalo eta Mikel Eugi bigarren izan ziren 14 segundora (5:05) eta Nerea Sorondok eta Xabier Urrutiak osatu zuten podiuma (5:29). Laugarren postuan, Alatzne Etxaburua eta Santi Aizpurua gipuzkoarrak (5:41), bosgarren Batirtze Ispizua eta Arkaitz Ispizua bizkaitarrak (6:01) eta seigarren, Gipuzkoako Irati Astondoa eta Bizkaiko Julen Etxeberria (7:29) sailkatu ziren,

 

Nafarroako txapelketa urriaren 23an Beran

Euskal Herrikoaren ondotik, urriaren 23an jokatuko da Nafarroako arpana txapelketa mistoa Beran, Lurraren Egunaren ospakizunen baitan. Basaurin ikusitakoarekin, hor ere lehia estua espero da txapelaren bila.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun