894 lagun zeuden langabezian eskualdean

Ttipi-Ttapa 2016ko urr. 5a, 14:44

Abuztuan baino 11 lagun guttiagok eman dute Doneztebeko Enplegu Bulegoan 

894 lagunek emana zuten izena Doneztebeko Enplegu Bulegoan irail hondarrean, abuztuan baino 11 guttiagok (-%0,47). Nafarroan, aldiz, 383 langabetu gehiago daude (%0,98 gehiago).

Adina eta sexuari dagokionez, 25 urtez goitiko gizasemeen artean 367 lagun daude langabezian, abuztuan baino 9 gehiago. Adin tarte horretako emakumeen artean, aldiz, 21 guttiago daude langabezian, 448. 25 urtez beheitiko gizasemeen artean abuztuan baino 7 gehiago daude langabezian, 42 lagun denera. Adin tarte horretako emakume gazteen artean abuztuan baino 6 langabetu guttiago daude, 37 denera.

Arloka, zerbitzuen arloak segitzen du langabe gehien izaten, baina abuztuan baino 7 guttiago ditu, 633tik 626ra pasatuz. Industria arloan ere 10 langabetu guttiago daude, 130 denera. Eraikuntzan, aldiz, 6 langabetu gehiago daude, 68. Nekazaritzan, berdin mantentzen da langabetu kopurua 24 denera, eta aitzinetik lanik egin ez dutenen artean ere, 46 lagun daude langabezian, abuztuan bezalaxe.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun