Zalaingo lantegian 24 orduko greba eginen dute urriaren 3an heriotza eragin duen lan istripua salatzeko

Ttipi-Ttapa 2016ko ira. 30a, 14:55
Zalaingo langileak, Agustin Porturen heriotza eragin duen lan istripua salatzeko elkarretaratzean.

Forentsearen txostenak dio langilearen heriotza ez dela naturala izan, lan istrispua baizik 

Zalain Transformados lantegiko langileen batzordeak bi orduko lan uztea egin du irailaren 30ean, ortziralean 13:00etatik 15:00etara, asteazkenean lanean ari zela hildako Agustin Portu Etxabideren heriotza salatzeko. Lana uzteaz gain, lantegiaren aitzinean elkarretaratzea ere egin dute. Langileen Enpresa Batzordeko presidente den LAB sindikatuko Mikel Agirrek jakinarazi duenez, urriaren 3an, heldu den astelehenean, 24 orduko greba deituko dute, lan istripua salatzeko.

 

Izan ere, Foruzaingoaren lehen idatzian, 64 urteko langilearen heriotza naturala izan zitekeela aipatzen bazen ere, forentsearen txostenak aukera hori baztertu du eta lan istripua izan dela dio, sindikatuek aipatu dutenaren arabera. Gainera, ez zen altueratik erori. Lan istripua izan dela jakinda, 24 orduko greba deitzea erabaki du Zalaingo langileen batzordeak urriaren 3rako. Condesa taldeko bertze lantegietan ere mobilizazioak iragarri dituzte.

 

Idatzia

LAB eta UGTko launa ordezkari, ELAko hiru eta CCOOko bi dituen Zalaingo langileen komitearen izenean Mikel Agirre presidenteak irakurritako idatziak dioenez, «lehendabizikoz, enpresako komiteak eta langile guztiok, gertatutako ezbehar larriaren aurrean, Agustinen lagun eta senideei elkartasuna adierazi nahi diegu». Komitearen ustez, «segurtasun gabezi baten ondorioz gertatutako istripuak agerian uzten ditu konpondu beharreko hutsuneak segurtasun arloan. Gaur egun, industrian, eguneroko kontua da segurtasun eskasia prekarietatearen ondorioz eta horrek eragindako istripuak. Hau dena egoera tamalgarri baten adierazlea da».

Langileen Komiteari garrantziskoa iruditzen zaio aipamen hauek egitea, «Zalain enpresak, urtetan, langileon segurtasunarekin izan duen eta baduen inplikazio falta nabarmena da eta. Eta beraz, arlo horretan aldaketa bat ematea ezin bertzekoa da, asteazkenean gertatutakoa berriro gertatu ez dadin».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun