Baztan-Bidasoaldeko garraio-sistema publikoa berritzeko lehenengo parte-hartze bilera egin dute Donezteben

Ttipi-Ttapa 2016ko ira. 30a, 09:58
Herri arteko garraip publikoa berritzeko planak eskaeraren araberako 9 taxi-linea ditu, urrunean dauden herriak Doneztebe eta Elizondorekin lotzeko.

Urriaren 15era arte bidal daitezke trnasgar@navarra.es posta-helbidera planari egin nahi zaizkiok iradokizunak edo ekarpenak. Plana Nafarroako Gobernuko Gardentasun Atarian, eta Cederna Garalur Elkartearen web-orrian dago eskuragarri 

Baztan, Zugarramurdi, Urdazubi eta Bertizarana, Malerreka eta Bortzirietan herri arteko garraio-sistema publikoa berritzeko Nafarroako Gobernuak egindako proposamena aurkezteko lehenengo bilera parte-hartzailea irailaren 18an egin dute Donezteben. Nafarroako Gobernuko Garraio Departamentuak Cederna Garalur Elkartearenlankidetzarekin antolatutako jardunaldian 15 lagunek hartu zuten parte; udaletako ordezkariak, Berako Toki Ona BHIko guraso-elkartea, eta Malerrekako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak.

Nafarroako Gobernuak eskualdeko zerbitzuak berritzeko plana aurkeztu zuen, eta ondoren talde-dinamika antolatu, eta parte-hartzaileen ekarpenak azaldu ziren.

Baztan-Bidasoaldeko herri arteko garraio publikoa berritzeko planak «eskaeraren araberako» 9 taxi-linea ditu, urrunen dauden herriak eskualde buruekin lotzeko; hau da, Elizondorekin eta Donezteberekin. Horrez gain, Irunerako, Donostiarako eta Iruñerako zerbitzuekin konbinatzea ahalbidetu nahi da.

Zerbitzu horrez gain, Iruñea-Oronoz-Donostia, Elizondo-Oronoz, Elizondo-Irun-Donostia, eta Elizondo-Iruñea arteko lau linea erregularrei eutsiko zaie, ordutegiak aldatuta, eta Irun, Donostia eta Iruñerekiko maiztasunak doituta, eta lineen bikoizketa kenduta.

Interesa duten pertsonek proposamenak jaitsi ditzakete Nafarroako Gobernuko Gardentasun Ataritik eta Cederna Garalur Elkartearen web-orritik: www.cederna.eu. Halaber, iradokizun eta ekarpen berriak bidal daitezke urriaren 15era arte transgar@navarra.es helbidera, edo telefonoz 848 427 545 zenbakira deituta. 

Jasotako ekarpenekin, behin betiko proposamena prestatuko da, eta hori bigarren saio parte-hartzailean aurkeztuko da, urriaren amaiera aldera.  

Asteazkenean aurkeztutako proposamena aurtengo ekainean egin zen lehenengo aurkezpen-bileraren ondoren eskualdeko toki-erakundeetatik jasotako ekarpenekin idatzi da. Egitasmoak bertako herritarrekin kontrastatuta, Nafarroako Gobernuak aurreproiektua jendaurrean jarriko du abenduaren amaiera aldera. Kontzesioaren lizitazioa, berriz, 2017ko martxoan eginen da, eta zerbitzuak 2017ko erdialdera jarriko dira martxan.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun