Ikasturte honetan ere martxan jarriko da Solaslaguna egitasmoa

Ttipi-Ttapa 2016ko urr. 3a, 07:00
Jarduera osagarriak ere egiten diruzte solaslagunek: afariak, mendi irteerak, kirol ekintzak…

Talde ttikietan elkartzen dira euskarazko mintzamena hobetu nahi dutenak txukun hitz egiten dutenekin

Ikasturte honetan ere martxan jarriko da Solaslaguna egitasmoa, euskaraz hitz egiteko ohitura dutenak eta mintzapraktika egin nahi duten pertsonak biltzeko doako programa. Malerrekako, Bortzirietako eta Baztango Solaslaguna  2007an sortu zen. Solaslaguna programan euskarazko mintzamena hobetu nahi duten hiztunak (bidelariak), txukun hitz egiten dutenekin (bidelagunak) elkartzen dira talde txikietan, normalean launaka edo bosnaka, astean behin eta gutxienez ordu betez.

 

Solaslaguna bezalako programetan parte hartzen dutenek euskara maila hobetzeaz gain, gehiagotan erabiltzen dute eta ongi pasatzen dute, saioetan arras gustura egoten direla aipatzen dute. Jarduera osagarriak ere egiten dituzte, hala nola eskualdeko gainontzeko solaslagun taldeekin irteerak, afariak, kirol ekintzak, Mintza Eguna…

2015-16 ikasturtean, Baztan, Bortziriak eta Malerrekan 100 solaslagunek eman zuten izena eta 21 talde osatu ziren. Aurtengo helburua datu horiek mantentzea dute.


Solaslagunaren aldaerak

Guraso taldeen mintzapraktika saioak, Hitanolaguna (hiketan solasteko lagunak) edo Euskalkide (Berako eta Elizondoko zahar etxeetan bizi diren adinekoak eta interesatuak elkarrekin solasean jarri ditu, tokian tokiko solasmolde jatorrak ikasteko eta horretan aritzeko espazioak sortuz) ere bultzatzen dira Solaslagunaren bitartez. Solaspoteoa antolatzeko ohiturarekin ere jarraitzen dute. 2009an lehenbiziko urtean Elizondon egin zuten lehenbiziko urtez, bailaraz bailara txandakatuz doaz urtetik urtera, eta aurten Malerrekak hartuko du lekukoa. «Lehenbiziko saioa izateko interesgarria ikusten dugu, musika, janaria, edaria eta giro on eta alaian harremanetan hasteko, hau ere Euskal Herriko kultura baita. Horrela ere, jendea, inguru erraz batean ireki eta ezagutzeko aukera izanen du», diote Solaslagunatik. 

Urtean lauzpabortz saio osagarri ere egiten dituzte, , eskualde osoan parte hartzen duten solaslagunendako eta herritarrendako irekiak daude. Mintzapraktiketan parte hartzen duen jendea euskaraz ezagutzeko aukera ematen du. Parte hartzeko baldintza bakarra, euskaraz egitea da. Sagardotegia, mendia eta Mintza Eguna (iaz Atarrabian egin zen eta aurten Bizkaiko Txorierrin eginen da) izaten dira irteera arrakastatsuenak.

Aitzineko urteetan bezala, Solaslagunaren aurkezpen luntxak eginen dira Lesakan, Donezteben eta Elizondon. Urri erdialdera izanen dira; datak zehazteke daude, baina hauek lotzerakoan, abisuak pasako dira, solaslagunei, eskoletako gurasoei,  komunikabideei eta abar....

Izen emateko eperik ez da eta nahi denean apunta daiteke. Informazio gehiago Solaslagunaren Txokoan (solaslaguna@topagunea.org, 610 920673 telefonoan), Bortziriak, Malerreka eta Baztango euskaltegietan, baita Bortzirietako Euskara Mankomunitatean eta Malerrekako Mankomunitateko eta Baztango Udaleko Euskara Zerbitzuetan ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun