Euskal Herriko finalerako txartela lortu dute eskualdeko arpanlari mistoek

Ttipi-Ttapa 2016ko ira. 27a, 07:33
Joan den urtean Nafarroako txapeldun izan ziren Onsalo eta Eugi Igantzin eta Euskal Herrikoa irabazteko ere hautagaitza sendoa aurkeztu dute.

Hiru denborarik onenak Nafarroako arpanlariek lortu zuten Larrabetzun (Bizkaia) eta urriaren 12an Basaurin jokatuko den finalean izanen dira, bertze hiru bikoterekin batera.

Emakumezkoen Euska Herriko arpana txapelketa mistoa jokatu zen igandean Uharten eta bezperan, Larrabetzun (Bizkaia), Euskal Herriko txapelketa mistoaren finalerako sailkatze proba jokatu zen. Parte hartu zuten eskualdeko arpanlari guztiek lortu zuten urriaren 12an Basaurin jokatuko den finalerako txartela.

 

Hain zuzen, biharamonean Leire Astiazaran gipuzkoarrarekin emakumezkoen txapela lortuko zuen Itxaso Onsalo aresoarrak eta Mikel Eugi ultzamarrak egin zuten denborarik onena Larrabetzun. Bikote honek Nafarroako txapela lortu zuen iaz Igantzin eta Euskal Herrikoa janzteko ere faborito izanen da larunbatekoa ikusitako kontuan hartuz. 45 ontzako enborrari hamar epai egiteko hiru minutu eskas behar izan zituzten, 2 minutu eta 46 segundo zehazki. Bigarren, Berako Nerea Sorondo eta Arraiozko Xabier Urrutia izan ziren (3 minutu eta 2 segundo) eta hirugarren Ana Iraizoz eta Josetxo Barberena Ultzamako lehengusuak (3 minutu eta 8 segundo). Beraz, hiru lehenbizikoak bikote nafarrak izan ziren. Urriaren 12an Basaurin jokatuko den finalean sei bikote izanen dira. Hiru nafarrekin batera, Gipuzkoako Alatzne Etxaburua eta Santi Aizpurua (3:15), Bizkaiko Batirtze Ispizua eta Arkaitz Ispizua (3:16) eta Irati Astondoa gipuzkoarrak eta Julen Etxebarria bizkaitarrak osatutako bikoteak (4:07) lortu dute finalerako txartela.

Segundu bakarragatik finaletik kanpo gelditu ziren Nerea Egurrola eta Santi Zubizarreta bizkaitarrak (4:08), baita Miren Garmendia eta Jokin Garmendia gipuzkoarrak (4:50) eta Uxue Ansorregi  gipuzkoarra eta Mikel Agirre bizkaitarra (5:27).

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun