erran.eus

Hiru segundogatik lortu du Donato Larretxeak Nafarroako aizkora txapelketaren finalerako txartela

  Kirola  Mendialdea

Arantzako beteranoarekin batera, Iker Vicente, izanen dira azaroaren 18an Donezteben jokatuko den finalerako bortz txartel jokoan

Nafarroako lehen mailako aizkora txapelketaren kanporaketa jokatu da irailaren 25ean Uharten. Floren Nazabalek aizkora utzia duenez, bederatzi aizkolari aritu dira lehian, Donezteben, azaroaren 18an, jokatuko den finalerako bortz txartelen bila. Espero bezala, Otsagiko Iker Vicente izan da bizkorrena eta berekin batera, Leitzako Jon Rekondo eta Ruben Saralegi, Lezaungo Juanjo Lopez eta Arantzako Donato Larretxea ariko dira Doneztebeko feria eguneko finalean.

Bina kanaerdiko, bina 60 ontzako eta oinbiko bat moztu behar zituzten, finaleko lanaren erdia. Otsagiko Iker Vicentek 15 minutu eta 22 segundo behar izan zituen lana burutzeko; Jon Rekondo leitzarrak 16 minutu eta 9 segundo, Lezaungo Juanjo Lopezek 16 minutu eta 35 segundo eta Leitzako Ruben Saralegik 17 minutu eta 16 segundo. Lehiarik handiena, finalerako azken txartela ematen zuen bosgarren posturako izan zen: Arantzako Donato Larretxeak lortu zuen, 18 minutu eta 3 segundo denborarekin. Arostegiko Julen Kañamaresek 3 segundo gehiago behar izan zituen (18:06) eta Aurtizko Ander Erasunek 20 segundo gehiago (18:23). Zortzigarren postua Olagueko Aitor Senosiainek eskuratu zuen (20:30) eta maila galtzea zekarren bederatzigarren postuan Aresoko Asier Pellejero sailkatu zen (26:07).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa