TTIPI-TTAPAren Telefono Gida ERRAN.EUS webgunearen bidez erabilgarri

Ttipi-Ttapa 2016ko ira. 20a, 07:47

Sakeleko telefonotik zuzenean deitzeko aukera ere eskaintzen du

Urteak daramazki TTIPI-TTAPAk bere Telefono Gida argitaratzen. Alde batetik, gure lurraldeko partikularren telefono zenbakiak ageri dira herriz herri eta bertzetik, profesionalak, komertzioak, lantegi eta zerbitzuak biltzen ditu Gida komertzialak. Orain, paperezko edizioan ez ezik, ERRAN.EUS webgunearen bidez, telefono horiek denak norbere ordenagailuan edo sakeleko telefonoan kontsultatzeko aukera ere bada. Eta kontsulta telefonoaren bitartez eginez gero, zenbakiaren gainean klikatuta, deitu ere egin ahalko da. 

Zerbitzuak Atalaren barnean

Behin ERRAN.EUSeko atari nagusian zaudela, goiko lerroan ageri den Zerbitzuak Atalaren barnean klikatu eta Telefono Gida, nahiz Gida Komertzialean sartzeko aukera bada. Telefono Gidan, bila zabiltzan pertsona horren abizena edo herria edo biak sartuta, baduzu telefono hori zein den jakiteko aukera.

Hor ageri diren datu pertsonalak publikoarentzat irekita dauden iturrietatik hartuak izan dira (Telefonica-ren telefono gida, konparaziora). Datutegi honetan telefono berri bat sartu, edota gaizki dagoena zuzendu edo ezerezteko eskubidea erabiltzeko, info@ttipi.eus posta helbidera bidali behar da mezu bat, zehaztuz erabili nahi den eskubidea.

Deituretan ortografia ofiziala erabili da, nagusiki, Espainiako Justizia Ministerioa, Eusko Jaurlaritza eta Euskaltzaindiak onartutako eta Euskal Deituren Izendegia izeneko liburuan argitaratua

Gida Komertzialean ere berdin: herrika, izen komertzialaren arabera, sailka edo produktuen arabera egin daiteke bilaketa. Gero, iragarle bakoitzaren fitxan, iragarle bakoitzaren inguruko informazio osatua eskaintzen da, argazki, telefono, e-Posta, iragarlearen web orrietara loturak eta baita geolokalizazio mapa ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun