GUtik ZURA filma eskainiko dute Donostiako Zinemaldian

Ttipi-Ttapa 2016ko ira. 13a, 08:36
GUtik ZURA proiektua astelehenean aurkeztu dute Donostiako Tabakaleran.

Mari Jose Barriola leitzarrak zuzendu du egurra eta euskal gizartearen arteko harremana eta balioa herriratzen duen proiektua

Irailaren 12an aurkeztu dute GUtik ZURA proiektua Donostiako Tabakalera zentroan. Bertan izan dira Mari Jose Barriola Baraibar proiektuaren zuzendaria, Jon Maia Soria GUtik ZURA filmaren zuzendaria eta proiektuaren babesle nagusi diren instituzioetako ordezkariak: Peli Manterola (Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasun ordezkaria), Jorge Arévalo (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuordea, Isabel Elizalde (Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Toki Administrazioko eta Ingurumeneko kontseilaria) eta Ainhoa Aizpuru (Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Oreka diputatua).

 

Mari Jose Barriola proiektuaren zuzendariak eskertu egin zuen instituzioen aldetik jasotako babesa eta bereziki Jorge Arévalo sailburuordearen laguntza azpimarratu zuen. GUtik ZURA proiektuaren sustatzailea da Barriola, Euskal Herrian dugun inguru emankorrari behar duen garrantzia ematea denon esku dagoela gailendu zuen.

Jon Maia filmaren zuzendariak erronka hau ederra bezain gogorra izan dela erran zuen eta Donostiako Zinemaldirako aukeratua izateak  asko esan nahi duela, «pieza artistiko eta aberats bat lortu dugu». 

Peli Manterola Elikagaien kalitate eta Industria zuzendariak «egurra eta basoa 5.500 familiaren sostengua» dela azaldu zuen eta egurraren industria hau bere horretan mantendu eta indartu egin behar dugula. «Ingurugiroari ekarpen handia egiten diote GUtik ZURA bezalako proiektuek gizarteratzen dituzten balioek, alde paisajistiko, aire kalitate eta naturakekiko izan behar dugun errespetua indartuz». 

Jorge Arévalo Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuordeak Mari Jose Barriolaren lana goraipatu zuen, GUtik ZURA proiektuko zuzendaria, Tknikako egur arloko arduradun eta irakasle den aldetik. «Horrelako egitasmoek ekarpen handi eta aberatsa egiten diote Lanbide Heziketa eta orokorrean euskal gizarte osoari».

Ainhoa Aizpuruk «egurraren sektoreari errekonozimendua eta horrelako proiektuek aurrera egin dezaten» beraien konpromisoa erakutsi zuen. Orain dela 20 urte baino hobeto aurkitzen direla Gipuzkoako basoak eta horretan jarraitu behar dugula azpimarratu zuen.

Isabel Elizalde Nafarroako kontseilariak basoa gure identitatea dela erran zuen. Emakumearen papera goraipatu zuen euskal gizarte eta landa guneetan batik bat, eta dokumentalak ere argi erakusten du euskal emakumeek egindako lana.

GUtik ZURA proiektuaren barne da GUtik ZURA filma. Egurra eta euskal gizartearen arteko harreman eta balioen lehena, oraina eta etorkizuna herriratzen duen filmak.  Aurtengo Donostiako Zinemaldian estreinatuko da, Zinemira atalaren barruan. Sarrerak salgai jarri eta ordu gutxiren buruan agortu ziren guztiak igandean. Irailaren 23 eta 24an estreinatuko da filma Principe zinemetan.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun