Nafarroan, Gipuzkoan eta Lapurdin bizikletaz mugikortasuna sustatzeko Ederbidea proiektua abian da

Ttipi-Ttapa 2016ko ira. 8a, 08:47
Ederbidearen egitasmoaren baitan, Nafarroan eginen dituzten lanak.

9,4 milioi euroko inbertsioa duen ekitaldiarekin Iruña, Donostia eta Lapurdiko hiriburua bizikletaz ibiltzeko bideen bidez elkartu ahalko dira, eta Bidasoa eta Plazaolako Bide Berdeak ere lotuko ditu

Nafarroa, Gipuzkoa eta Pirinio Atlantikoetako ordezkariak izan ziren irailaren 7an, asteazkenean Baionan 2016-2019 eperako "Ederbidea" bizikleta gaineko garraio iraunkorreko proiektua abian jartzeko ekitaldian; mugaz gaindiko lankidetzarako ekimena da bizikletaren erabilera sustatzeko eguneroko eta turismoko joan-etorrietan.  Bide horren bidez, Iruña, Donostia eta Lapurdiko hiriburua batzeko aukera emanen da bizikletaz 240 kilometroko ibilbide batean, eta haietatik 90 sortu berriak izango dira. Horrekin batera, politika komun bat garatu ahalko da bizikletaren erabilera bultzatzeko turismo eta aisialdiko ikuspegitik nahiz eguneroko joan-etorrien ikuspegitik.

 

Helburuen artean: isuri kutsagarriak murriztea eta garraioaren iraunkortasunean aurrera egitea, zirkulazioa arintzea, biztanleen osasuna hobetzea eta turismoko produktu komun bat sortzea.

Xede horretarako, mugikortasuneko jarduerak egingo dira (seinaleztapena, hiriko joan-etorrietan bizikletaren erabilera areagotzeko neurriak, truke teknikoak); joan-etorrien ohiturei buruzko sentsibilizazio nahiz prestakuntzako lanak (ekitaldiak, ibilbideko gidak); eta zerbitzuen sustapena (alokairua, konponketa, transfer, zerbitzuak…).

2016-2019ko bizikleta gaineko garraio iraunkorraren proiektuak 9,4 milioi euroko inbertsioak hartzen ditu, eta maiatzean 61 milioi euro jaso zuen Poctefa-Interreg programaren eskutik (% 65 Europako ekarpena), Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) bitartez.

Ederbidea abian jartzen dela-eta, Pirinio Atlantikoetako Kontseiluko egoitzara hurbildu dira proiektuko bazkideak, honako hauek buru zirela: J.J. Lasserre, Pirinio Atlantikoetako lehendakaria; Manu Ayerdi, Nafarroako Gobernuko lehendakariordea; Marisol Garmendia, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurraldearen Antolamendu arloko foru diputatua. 

Ederbidea programako bazkideen partaidetza ekonomikoa (9,4 milioi, % 65 POCTEFAren babesarekin) honako hau da: Nafarroako Gobernua (proiektuari % 24,59ko ekarpena egingo dio), Pirinio Atlantikoetako Departamentua (% 16,64), Gipuzkoako Foru Aldundia (% 17,86); Donibane Lohizune (% 12,73), Hendaia (% 9), Biarritz (% 8), Irun (% 5), Imotzeko (% 1,4) udalerriak; eta Sud Pays Basque Aglomerazioaren Komunitatea % 3,3), Cederna Garalur elkartea (% 0,57), Plazaolako Turismo Partzuergoa (% o,57) eta Baztan Bidasoa Turismo Elkargoa (% 0,25).

 

Jarduteko lau ardatz

Ederbideari esker, mugaz gaindiko lurraldeek garraio-sistema iraunkorra eta integratua garatu ahalko dute, komunikazio-sare berriak sortuko ditu, bertako jendearentzako aukerak aberastuko eta bisitarientzat erakargarria izango da.

Gaur egun, bizikleta eskualdean gutxi erabiltzen den garraiobidea da: Gipuzkoako joan-etorrien % 2,45 egiten da bizikletaz eta % 1,3 inguru EAEko eta Landetako gunean nahiz Iruñerrian. Hiri handietan eta Gipuzkoako Foru Aldundia salbu, mugaz gaindiko lurraldean azpiegituretan eta garraiobideen integrazioan gutxi inbertitu da, proiektuak aitortzen duenez.

Bizikletan ibiltzeko baldintzak hobetzeko, Ederbideak jarduteko lau ardatz proposatzen ditu:

1: Mugaz gaindiko Plan Ziklista bat prestatzea, ibilbideekin eta bideak sailkatuz, eta Trasfermuga "ibilbideen kalkulagailu" baten laguntzarekin, Euroeskualdeak garatutakoa.

2: Baiona-Donostia-Iruña batuko dituen ibilbidea osatzea eta txirrindularientzat seguruagoa izatea, jadanik badiren bideen gainean, aurreko proiektu Circulduceri eta Eurovelo 1 sareari jarraipena emanez.

3: Eguneroko bizitzan bizikletaren erabileran aurrera egitea, intermodalitateko ekintzen bidez, hau da, joan-etorrietan askotariko garraiobideak erabiltzea (bizikleten aparkaleku seguruak geltokietan eta hiriko sarreretan, bizikletak autobusetan garraiatzea…); ibilbideei, bizikletak alokatzeko ordutegiei nahiz zerbitzuei buruzko informazioa hobetzea, bertzeak bertze

4: Bizikletaren erabilera sustatzea sentsibilizazio eta prestakuntzako ekintzen bidez: ibilbide intermodalen gaineko gidak argitaratzea, osasun eta ingurumenerako onurak, hirigintzako prestakuntza teknikoa. Gainera, bizikletaren erabilera sustatuko da mugaren eskolara joateko.

 

Datu orokorrak

Ederbideari esker, hiru hiriburuak bizikletaz egiteko 238 kilometroko sare batekin batuko dira. Gaur egun, mugaz gaindiko bideak 132 kilometro ditu. Ederbideak jarraikortasun eta konektibitatea erraztuko ditu 90 kilometro berri eraikiz, haietatik 46 bizikletetarako bideetatik joango da (bizikletetarako bakarrik) edo bide berdeetatik (motorrik gabekoek erabiltzeko: oinezkoak, ziklistak, patinatzaileak, mugikortasuna murriztuta duten pertsonak) eta 44 motordun ibilgailuekin partekatutako bideetatik.

Honenbertzez, lanak akitutakoan, ardatz egituratzaileak 173,5 kilometro izango ditu bide berde edo txirrindularientzako bideetan eta 47,1 partekatutako bide seguruetan (30 km/h-ra murriztutako abiadura). Diseinuaren barnean, 240ra heldu arte, bertze 18 kilometro sartuko dira dentsitate handiko bideetan, nahiz eta Ederbidearen proiektutik at baliabideak eskatuko dituzten.

 

Bidasoa eta Plazaolako Bide Berdeen lotura

Nafarroan, Ederbideak bi zatitan jardungo du: Bidasoa eta Plazaolako bide berdeen lotunean (42,5 bat kilometro) eta Plazaolako lehengo burdin bideak Iruñearekin bat egiten duen tokian, 25 kilometro ingurukoa Bi Ahizpe-Irurtzun-Iruña artean. Azken zati horretan, Gobernuak lursailez jabetu ahala, Nekazaritza Ministerioaren obrak bere gain hartuko ditu. 68 bat kilometro (luzera zehatza dagokion proiektuan definituko da).

Lapurdiri dagokionez, Eurovélo 1-Vélodyssée egokitzeko eta ziurtatzeko obrekin jarraituko dute Biarritz (6 kilometro), Bidarte (5,6 kilometro), Donibane Lohizune (2,2) eta Hendaiako (1,4) udalerrietan. Guztira, 15 kilometro berri, Atlantikoko ibilbide ziklistari gehituko zaizkionak.

Gipuzkoan, bizikletetarako eta oinezkoentzako bideek Hondarribia eta Irungo udalerriekin bat egingo dute Txingudi-Bidasoa Kontserbatzeko Gune Berezian, eta Bidasoako ospitalearen eta Amuteko auzoaren artean, Errenteria-Irun bidegorriko zati gisa, 3 bat kilometrokoa.

 

Nafarroako garapen ekonomikoa eta inbertsioa

Ayerdi lehendakariordeak, bere agerraldian, azpimarratu zuen Ederbidea «Nafarroako Gobernuak duen mugaz gaindiko lankidetza-ikuspegiaren barnean» dagoela, eta eragina duela turismoko plan nahiz politiketan, energian eta garraio iraunkorrean.

Ederbidearekin, hiri nagusien artean (Baiona, Donostia eta Iruña) ibilbide egituratzaile bat sortzean, bazkideek bizikletaren baitan sortzen ari den negozio-bolumena bereganatzea espero dute, «turismo-produktu integral eta komun bati esker, mugaz gaindiko koherentziarekin eta jarraikortasunarekin», Nafarroako lehendakariorde Manu Ayerdik nabarmendu duenez; azken horrek garraiobide horrek duen garrantzi ekonomikoaz ere hitz egin du.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun