Gipuzkoa nagusitu da Zazpi Herrialdeen herri kirol txapelketan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko ira. 5a, 12:33
Nahiz eta Nafarroa hirugarren izan, Beti Gazteko tiralariak nagusitu ziren larunbatean Donostian.

Nafarroa hirugarren izan zen, nahiz eta sokatiran Lesakako Beti Gaztek, koxkoz biltzen Unai Iantzi aniztarrak eta zaku lasterketan garaipenak lortu

Gipuzkoak irabazi zuen irailaren 3an Donostian jolatutako Zazpi Herrialdeen Arteko Herri Kirol Txapelketa. Gipuzkoarrek 45 punturekin berdindu zuten Bizkaiarekin, baina probatan izandako postuei esker lortu zuten txapela. Nafarroa izan zen hirugarren (42 puntu), Araba laugarren (31 puntu), Lapurdi bosgarren (24 puntu) eta Behe Nafarroa seigarren (12 puntu). Zuberoak ez zuen parte hartu azken unean.

 

Hirugarren gelditu arren, garaipen gehien Nafarroak lortu zituen, hiru hain zuzen. Sokatiran, Lesakako Beti Gazteko tiralariak nagusitu ziren, koxkor biltzen Unai Iantzi aniztarra izan zen bizkorrena eta zaku lasterketan Berriozarko Iñaki Iraizoz, Oskar Aguas eta Oier Aizkorbe.

Gipuzkoak bi proba irabazi zituen, lasto altxatzen Tubik eta, ustekabean, arpanan Igor Esnaolak eta Xanti Aizpuruak, faborito nagusi ziren Nafarroako Barberena anaiei irabazita.

Bizkaiak ere bi proba irabazi zituen: aizkoran Aitzol Atutxak eta harri jasotzen Inhar Urruzunk.

Arabak ere bi garaipen lortu zituen, ingude altxatzen Jon Lapazaranek eta txingekin Kerman Perez de Herediak.

Azkenik, Behe Nafarroak ere irabazi zuen proba bat, orga jokoan Mathieu Apezetxek ezustea eman eta Ousmane Drame bizkaitarrari nagusitu baizitzaion.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun