Abuztuan goiti egin du langabeziak eskualdean

Ttipi-Ttapa 2016ko ira. 5a, 08:38

Uztailean baino 11 lagun gehiagok eman dute Doneztebeko Enplegu Bulegoan izena, 905 guztira

905 lagunek emana zuten izena Doneztebeko Enplegu Bulegoan abuztu hondarrean, uztailean baino 11 gehiagok. Normalki, udako efektuarengatik beheiti egiten du langabeziak eta hala gertatu da Nafarroan, 707 langabetu guttiago baitaude (-%1,79). Doneztebekoa izan da Nafarroa osoan langabetu kopuruan goiti egin duen bulego bakarra (%1,23 goiti).

Adina eta sexuari dagokionez, 25 urtez goitiko gizasemeen artean 358 lagun daude langabezian, uztailean baino 2 gehiago. Adin tarte horretako emakumeen artean ere 5 gehiago daude langabezian, 469. 25 urtez beheitiko gizasemeen artean uztailean baino 1 guttiago dago langabezian, 35 lagun denera. Adin tarte horretako emakume gazteen artean uztailean baino 5 langabetu gehiago daude, 43 denera.

Arloka, uda garairako datu bitxia utzi digu abuztuak, izan ere, zerbitzuen arloan goiti egin du langabeziak eta industrian eta eraikuntzan beheiti.

zerbitzuen arloak segitzen du langabe gehien izaten, eta uztailean baino 17 gehiago ditu, 616tik 633ra pasatuz. Industria arloan, aldiz, 3 langabetu guttiago daude, 140 denera. Eraikuntzan ere 3 langabetu guttiago daude, 62. Nekazaritzan, berdin mantentzen da langabetu kopurua 24 denera, eta aitzinetik lanik egin ez dutenen artean ere, 46 lagun daude langabezian, uztailean bezalaxe.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun