erran.eus

‘Uraren bailarak’ marka turistiko berria aurkeztu du Baztan-Bidasoa eskualdeak

  Ondarea  Mendialdea

Baliabideen mapa ere argitaratu dute

Baztan-Bidasoa eskualdearen promozio eta garapen turistikoa egiteko  Uraren bailarak marka sortu dute eskualdeko udalerriek, Cederna-Garalurren baitan lankideratzarako duten Baztan-Bidasoa Turismo Garapena elkartearen bidez. Horren baitan, eskualdeko baliabideen mapa sortu dute: herri desberdinetako tokirik nabarmenenak, ibilbideak eta turismo bulegoen inguruko informazioa bildu dute bertan.

 

Osatu duten irudi grafikoan eskualde honen oinarri diren bi elementu irudikatzen dira: mendia eta ura. Beti ere, bailara bakoitzaren identitatea mantenduz. Baztan-Bidasoa eskualdeko bailara bakoitzeko mendiek urtaro desberdinetan hartzen duten koloreak erabili dituzte bailarak irudikatzeko: Bortziriak, udaberria-uda irudikatuz, berde iluna; Baztan, udazkena irudikatuz, laranja kolorea; Bertizarana-Malerreka, negua-udaberria irudikatuz, berde argia. Eta eskualdea zeharkatuz, bi urdin desberdin, eskualdea zeharkatzen duten ibai eta ibaiadarren aniztasuna irudikatzeko. Horrela, Baztan-Bidasoa eskualdearen pertsonalitatea erakutsi nahi da, eta erraz identifikatzeko moduko irudia izatea, bere kolore, forma eta erabilitako tipografiagatik.

Uraren bailarak markaren baitan, eskualdeko baliabideen mapa sortu dute: herrietako tokirik nabarmenenak, ibilbideak eta turismo bulegoen inguruko informazioa bildu dute bertan. Hori dena, bortz hizkuntzetan eta A3 formatuan.

Mapa hau Nafarroako Gobernuko Turismo Departamentuak finantzatuta dago eta eskualdeko turismo bulegoetan edota baztanbidasoaturismoa@cederna.es helbide elektronikora mezu bat igorriz eskura daiteke.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa