Uxue Barkosen bisita izan zuten joan den ortziralean Nafarroako Bakelekuan

Xorroxin irratia 2016ko abu. 20a, 11:50

Barkosekin batera, bisitan izan ziren Baztango alkate Joseba Otondo, Elizondoko Lanbide eskolako zuzendari Maite Ariztegi, Saharar Frente Polisarioko Nafarroako ordezkaria den Mohamed Galiami eta ANAS elkarteko koordinatzaile den Carol Garcia.

Presidentearen bisitaren harira, Aroztegia eta gero zer? Plataformak deituta, Aroztegiako egitasmoaren inguruko kudeaketaren aitzinean protesta egiteko elkarretaratze bat burutu zen Nafarroako Bakelekuaren parean

 

Oporrak bakean programaren baitan, Saharaztan elkarteak egiten duen lanari esker, 30 neska-mutiko sahararrek uda gure eskualdean pasa dute. Bi hilabete eman dituzte gurean eta heldu den astean euren familiengana itzuliko dira. Azken urteetan hainbat eta hainbat neska-mutiko sahararrek uda gure eskualdeko harrera familietan pasa dute. Aurten ere hala izan da, 10 haur hartu dituzte harrera familiek.

Dena den, aurten, Saharaztanen lana haratago joan da. Aurten, lehenbiziko aldiz, hainbat norbanako eta erakunderen laguntzaz Nafarroako Bakelekua antolatu dute. Elizondon Lanbide Heziketa Institutuan aterpea atondu dute eta hantxe pasa dute uda 20 neska-mutiko sahararrek, hainbat boluntarioren laguntzarekin.

Hain justu, atzo, Nafarroako bakelekuan ezohiko mugimendua somatu zen, harrera egin baitzieten Nafarroako presidente Uxue Barkosi, Baztango alkate Joseba Otondori, Lanbide eskolako zuzendari Maite Ariztegiri, Saharar Frente Polisarioko Nafarroako ordezkaria den Mohamed Galiami eta ANAS elkarteko koordinatzaile den Carol Garciari.

Goizeko hamaiketan hasi zen ekitaldia. Ailegatzerakoan, esnea eta datilak eman zizkieten saharar herriak ohitura duen gisara; ondotik Nafarroako Bakelekuko instalazioak bisitatu zituzten eta, gero, kanpokaldean jarrita dagoen jaima batean saharar dantzak eskaini zizkieten gonbidatuei, tea eta kuskusa dastatzeaz gain. Ondotik, prentsa agerraldi bat egin zuten.

Uxue Barkos Nafarroako Bakelekua bisitatzera zetorrela-eta, Aroztegiako egitasmoaren inguruko kudeaketaren aitzinean protesta egiteko elkarretaratzea egin zen Nafarroako Bakelekuaren parean, Aroztegia eta gero zer? Plataformak deituta. Juxtu presidentea ailegatu zenean protestagileengana hurbildu zen. Haiek herriaren hitza ez errespetatzea leporatu zioten, Sahara herria, bazterturiko herria babestera etortzea eta kontrara Baztango herritarren hitza kontuan ez hartzea hipokritatzat joz. Ekainaren 5ean egindako galdeketa gogora ekarri zioten eta Uxue Barkosek galdeketaren partehartzea eskasa izan zela ihardetsi zien, deus egitekorik ez zegoela nabarmenduz.

Nafarroako Bakelekuko ekitaldia akituta, Aroztegia eta gero zer? Plataformak oharra irakurri zuen prentsaren aitzinean

Erlazionatuak

Mixel Gereka

Xorroxin irratia 2016 abu 22 Mendialdea

Mohamed Galiam

Xorroxin irratia 2016 abu 22 Mendialdea

Joseba Otondo

Xorroxin irratia 2016 abu 22 Mendialdea

Maite Ariztegi

Xorroxin irratia 2016 abu 22 Mendialdea

Uxue Barkos

Xorroxin irratia 2016 abu 22 Mendialdea

Aroztegia eta gero zer?

Xorroxin irratia 2016 abu 22 Mendialdea

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun