Artzain Amerikanoen besta Izaban eginen dute aurten irailaren 3an

Ttipi-Ttapa 2016ko uzt. 29a, 09:21
Joan den urtean Beran bildu ziren artzain amerikanoak.

Hamargarren urteurrena ospatuko dute, Urrinean Biltruk goiburupean (Urrunean bilduak)

Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak artzain "amerikanoen" festarako egitarau zabala prestatu du aurten ere. Irailaren 3an ospatuko da, Izaban (Erronkari), Urrinean Biltruk goiburupean (Urrunean bilduak). 2006an Lesakan lehen aldiz egin zenetik hamar urte bete dira. Joan den urtean Beran egin zen.

 

Irailaren 3ko egitaraua

10:00etan Harrera eta "migas con pan"ekin egindako hamaiketakoa, fanfarre eta dantzariekin.

12:00etan bi aukera izanen dute artzainek. Alde batetik, zendutako artzainen omenez egindako mezara joatea, Julian Gayarre abesbatzak lagunduta. Bertze aldetik, Museo etnografikora bisita egin dezakete.

13:30ean Bazkaria: higball, musika eta zozketak.

19:30ean Itzulera.

 

Aurtengoa leloa Urrinean biltruk da (Erronkarieraz, urrunean bilduak erran nahi du), hain ezberdinak diren bi lurraldetan, bizitza eta lana egiteko modu berdina egin ahal izana goraipatu nahi du.

Tiketak ohiko tokietan salgai egonen dira.

 

Aurten gainera, Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak bere ibilaldi honetan ondoan eduki dituen bazkide nahiz erakunde ezberdinei bere esker ona adierazi nahi die. Ibilbidea 2005 hasi zen, Lesakan, bertako artzain taldetxo bat bildu zenean. Hori izan zen hurrengo urtean, 2006an, berriro Lesakan, ospatu zen bestaren irizpidea. Horregatik, 10 urte hauetan egin diren festa eta ekimen ezberdinetako argazkiak biltzen dituen egutegi bat egin dute, eta «bazkide eta erakunde desberdinei banatuko diegu, gure esker ona adieraziz».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun