27 langabetu guttiago utzi ditu ekainak eskualdean

Ttipi-Ttapa 2016ko uzt. 12a, 08:08

Nafarroa osoan %3,68 jautsi da langabezia, baina Doneztebekoan guttixeago, %2,93

893 lagunek emana zuten izena Doneztebeko Enplegu Bulegoan ekain hondarrean, maiatzen baino 27 guttiago. Nafarroa osoan %3,68 jautsi da langabezia baina Doneztebeko bulegoan banaz bertzekoa baino guttixeago, %2,93.

Adina eta sexuari dagokionez, 25 urtez goitiko gizasemeen artean 379 lagun daude langabezian, maiatzean baino 7 guttiago. Adin tarte horretako emakumeen artean, berriz, 5 guttiago daude langabezian, 451. 25 urtez beheitiko gizasemeen artean maiatzean baino 10 guttiago daude langabezian, 32 lagun denera. Adin tarte horretako emakume gazteen artean ere maiatzean baino 5 langabetu guttiago daude, 31 denera.

Zerbitzuen arloak segitzen du langabe gehien izaten, baina maiatzean baino 23 guttiago ditu, 629tik 606ra pasatuz. Industria arloan, aldiz, 10 langabetu gehiago daude, 152 denera. Eraikuntzan 3 langabetu guttiago daude, 67. Nekazaritzan, bi langabetu guttiago daude, 24 denera, eta aitzinetik lanik egin ez dutenen artean, 44 lagun daude langabezian, maiatzean baino 9 guttiago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun