Baztan-Bidasoaldean Lanbide Heziketa Zentro berria eraikitzea eskatu dio Nafarroako Parlamentuak Gobernuari

Ttipi-Ttapa 2016ko eka. 17a, 11:37
Baztan-Bidasoaldeko udal ordezkariek proiektuari babesa eman nahi izan zioten Parlamentuan.

Ahobatez hartu zuten erabakia ekainaren 16an eta eskualdeko udal ordezkari ugari izan ziren Iruñean

Lanbide Heziketa eta enplegu politika batera lantzeko beharrezko neurriak ezartzea eskatu zion ekainaren 16ko batzarrean onartutako ebazpenean Nafarroako Parlamentuak Gobernuari.  Ebazpen horren bigarren puntuan, «Baztan-Bidasoa-Urdazubi-Zugarramurdi eskualdearen erdian Lanbide Heziketako zentro integratu berria eraikitzea» ere eskatu zioten Nafarroako Gobernuari. Baztan, Bortziriak, Malerreka eta Xareta aldeko ordezkariak izan ziren Parlamentuan, ebazpenari babesa emanez.

 

Lanbide Heziketa Zentro berri horrek eskualdearen errealitate sozioekonomikoa kontuan har dezala ere eskatu dute, «tokiko beharrei egokitutako kalitatezko formakuntza eskainiz». Eraberean, zentro berriak «euskarazko eskaintza bermatzea» ere eskatu du Parlamentuak, «eskualdeko herritarren ezaugarri eta behar soziolinguistikoak kontuan hartuta».

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E laukoak bultzatutako ebazpenak dioenez, Baztan-Bidasoa-Urdazubi eta Zugarramurdi eskualdeako lanbide heziketa «egoera negargarrian dago, bai azpiegitura mailan, baita antolaketa eta eskaintza akademikoari dagokionez» eta horregatik planteatzen du garaiari egokitutako zentro berriaren eraikuntza.

Testuinguru honetan, Nafarroako Gobernuaren inplikazioa ere eskatu dute, «azken hamarkadan inbertsiorik ez delako egin eta Lanbide Heziketarako eta enplegurako erreferentzia izanen den zentro honen hornidurarekin, garapen sozialean eta ekonomikoan laguntzeko». Parlamentuak gogoratzen du eskualdeko udal guztiak proiektuaren alde daudela.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun