Xanta Sousa lesakarrak 50 kiloko txingekin marka berria egin du Azpeitian

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko mai. 30a, 12:54
Xanta Sousa lesakarrak marka bikaina egin du 50na kiloko txingekin.

Banakako Urrezko Aizkora txapelketan, Atutxa II maila nagusian eta Saralegi leitzarra gazteetan nagusitu dira 

Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketaren finalak jokatu ziren maiatzaren 28an Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Jaialdi honen barrenean, gaur egun Euskadiko txapeldun den Xanta Sousa lesakarrak, 50na kiloko txingekin marka berria egin zuen: 6 plaza eta erdi eta 5 zentimetro, edo metrotan, gauza bera dena, 182,05 metro.

 

Urrezko Aizkorako txapeldunak

Urrezko mailako aizkolari txapelketari dagokionez, lau aizkolari aritu ziren lehian maila nagusian. Bortz urtez azpitxapeldun izan ondotik, aurten azkenean txapela lortu du Dimako Aitzol Atutxa II.ak. 24 minutu eta 31 segundo behar izan zituen bizkaitarrak lanak burutzeko. Errezilgo Xabier Orbegozo Arria V bigarren izan zen (26:30), hirugarren Jon Rekondo leitzarra izan zen (27:21)eta Beizamako Eneko Otaño laugarren (28:08).

Gazte mailako finalean azken orduko aldaketak izan Ziren. Eneko Saralegik lortua zuen finalerako txartela eta hasiera batean Larrea III izan behar zuen arerio. Baina bizkaitarrak min hartu zuenez, finalerdietan bigarren izan zen Eloi Kortxero aritu behar zen. Baina azkenean honek ere hutsegin eta Oier Kañamares IV izan zuen finalean kontrario. Eneko Saralegik nagusitasunez irabazi zuen, 17 minutu eta 16 segundotan bukatu baitzituen bere lanak. Kañamaresek 19 minutu eta 11 segundo behar izan zituen.

 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun