Malerrekako Eguna Iturenen ospatuko da maiatzaren 28an

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko mai. 25a, 07:40
Malerrekako herri ezberdinetako udal ordezkariak, besta egunaren aurkezpenean.

85 urte baino gehiagoko herritarrak eta joaldunak omenduko dituzte eta Urrozek hartuko du lekukoa

Hilabetetako lanaren ondotik, ekitaldi saila prest dute Iturenen Malerrekako Eguna behar den bezala ospatzeko. Maiatzaren 28an, Malerrekako Mankomunitatearen parte diren 13 udalerriek bat eginen dute bosgarren urtez eginen den besta egun handian; Beintza-Labaien, Bertizarana, Donamaria, Doneztebe, Elgorriaga, Eratsun, Ezkurra, Ituren, Oiz, Saldias, Sunbilla, Urroz eta Zubietako herritarrak elkartuz.

 

Larunbatean, 08:00etan abiatuta Urroztik Iturenera mendi martxa egitekoak dira, Malerrekako Gazte Asanbladak antolatuta. 10:00etan harrera ekitaldia eginen da plazan eta herrietako ordezkariek hasiera emanen diote egunari. Malerrekako Eguna antolatzen duen Udalak eskaintzen duen omenaldia ere orduan eginen da eta 85 urte baino gehiagoko herritarrek eta joaldun zaharrek jasoko dute merezitako omenaldia, aurresku eta guzti. Besta giroa zabaltzeko Malerrekako musikariak herrian barna ibiliko dira eta 10:30etik 14:00etara artisau eta talogileen postuak ere egonen dira plazan. Dantzarien eta abesbatzako kideen emanaldia 10:30 aldera hasiko da plazan eta 12:30ean buru-haundiak aterako dira. Ordu berean, joaldunek itzulia eginen dute he­rrian eta 13:00etan Malerreka leihotik begira lehiaketako lanen irakurketa eta sari banaketa hasiko da. 14:00etan paella jatea antolatu dute frontoian eta bazkalondoan kanturako aukera ez da faltako Malerreka Kantuzek gidatuta. 16:00etan musikoen saioa hasiko da plazan eta Malerrekako mus txapelketako finala Tresanea ostatuan. 17:00etan umeendako jokoak eta txokolatada plazan, buru-haundien kalejira eta ondotik aizkora apustua izanen da frontoian.  Ilunabarrean musikarik ere ez da faltako plazan eta 20:00etan zozketa eta mus txapelketaren sari banaketa eginen dituzte.

Ondotik, ekitaldi ofiziala akitzeko, Urrozko herriari lekukoa pasatuko zaio. 21:00etan herri afaria eginen da Herriko Ostatuan eta gauerditik aurrera Trikidantz taldea ariko da plazan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun