Arrakastatsua suertatu da aurten ere Berako Mugaz Gain Antzerki jaialdia

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko mai. 25a, 07:51
Ortzegunean, Labiaga ikastolako eta Ricardo Baroja eskolako ikasleen txanda izan zen.

Labiaga eta Ricardo Barojako ikasleak igo ziren Kultur Etxeko taulara ortzegunean eta ortziralean Jesusen Bihotzakoak

Maiatzaren 13an hasi zen Berako Kultur Etxean Mugaz Gain antzerki jaialdia Antzerki eta Eskola Elkarteak antolatu eta Berako Udalak eta Kultur Batzordeak lagunduta. Pasaia-Lezo Lizeoko DBHko ikasleek Berpiztu ala bizi antzezlana eskaini zuten. Joan den astean herriko antzezle ttikien txanda izan zen.

Maiatzaren 19an, ortzegun goizean Ura antzezlana eskaini zuten Labiaga ikastolako LHko 5. mailako ikasleek eta eguerdian Desberdinak baina berdinak antzezlana Ricardo Baroja Eskola Publikoko LHko 5. eta 6. mailako ikasleek. Ortzegun arratsaldean ere antzezlan horiek eskaini zituzten, ate irekiekin.

Maiatzaren 20an, ortziralean, Jesusen Bihotza ikastetxeko LHko 5. mailako ikasleek Indarkeria antzezlana eskaini zuten lehenik eta eguerdian Sendaliburua Haur Hezkuntzari zuzendutako antzezpena egin zuten irakasleek. Ortziral arratsaldean, denentzako ateak zabalik izan ziren Kultur Etxean eta berriz ere Indarkeria taularatu zuten Jesusen Bihotzako ikasleek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun