Iñigo ELIZEGI: «Urte bukaera baino lehen Goizuetan gasolindegia martxan izan nahi dugu»

Ttipi-Ttapa 2016ko mai. 20a, 07:23
Iñigo Elizegi, azalpenak ematen Goizuetan egindako batzarretako batean.

Kooperatiba baten bitartez gasolindegi bat kudeatzeko asmoa dute Goizuetan eta Iñigo Elizegi da sustatzaileetako bat

Urratsez urrats, kooperatiba baten bidez gasolindegi berri bat kudeatzeko egitasmoa aurrera doa Goizuetan. Maiatzaren 28an, larunbat goizeko 11etan eskolako jangelan eginen dute Goizukoop kooperatibaren batzar eratzailea eta zuzendaritza batzordea osatuko duten zazpi lagun ere orduan aukeratuko dituzte. Aurretik ere hainbat lan eta bilera egin dituzte eta ondotik ere gehiago izanen dira, baina proiektuak herritarren interesa piztu duela aipatu digu Iñigo Elizegi, bultzatzaileetako batek.

 

Nola sortu zen Goizuetan gasolindegia eratzeko ideia? Beharra somatzen zen?

Herria bizirik mantendu ahal izateko zerbitzuak sortzen hasi behar zela ikusten genuen lagun talde batek, eta kontutan izanda Goizuetan edozer gauzetarako kotxea hartu beharra dugula eta  ikusita hurbilen dauden gasolindegiak ordu erdira daudela… Goizuetan bizi nahi dugunontzat gutxiengo zerbitzu eta erraz­tasun batzuk eduki ahal izateko gasolindegi bat behar dela ikusten da bai.

Lehen urratsa hori kudeatzeko kooperatiba sortzea da…

Kooperatiba sortu ahal izateko gutxiengo urrats batzuk eman beharrak daude. Hilaren 28an estatutuak eta kooperatibaren zuzendaritzan egonen diren 7 kideak aukeratu eta onartu behar dira. Hortarako, nahi duenak eta aste pare bat lehenagotik, estatutuak eskuratzea edukiko du eta zuzendaritzarako 7 izen proposatuko dira. Kooperatiban sartu nahi dutenak eta 28an azaltzerik ez dutenek, denon eskura jarriko ditugun paper bat sinatuz nor beraren botoa bidaltzeko modua ere izanen dute. Bestalde, eta esan dugun bezala, legediak araudi batzuk ezartzen dizkigunez eta gauzak txukun egin nahi baldin baditugu, 28tik aurrera eta urte bateko epean, kooperatiban sartu ahal izateko oso zaila izango da, horrexegatik azpimarratu nahi dugu oso garrantzitsua dela 28a baino lehenago edo eta 28ko batzarrean kooperatibako kide egitea.

Orain artean egin duzuen bileretan herritar asko bildu da… Interesa somatzen da?

Herrian 770 biztanle gaude eta lehenbiziko batzarrean 110 lagun elkartu ginen; interesa haundia sortu da bai, zeren eta ikusten da herriarentzako garrantzitsua izan daitekeen zerbitzu bat dela.

Inkesta bat ere egin duzue… Zein kezka dituzte herritarrek gai honen inguruan?

Besteak beste, gasolindegia ireki ahal izateko diru kopuru haundi xamarra behar denez, dagoen kezka nagusitako bat da gauzak gaizki atera ezkero eta  zorrak sortu ezkero, orduan zer gertatuko ote zen. Zorretan sartuko baginake, kooperatibako kideek, asko jota eta egoera txarrenean, hasieran botatako dirusarrera bota beharko luke berriz. Baina ikusita Goizueta batean zenbat kotxe eta todoterreno dauden… gasolindegi batek bere burua ordaintzeko inongo arazorik ez du edukiko. Kezkak edukitzea normala da, baina horrek ez gaitu beldurtu eta deus egin gabe geldiarazi behar.

Behin kooperatiba eratuta, noizko espero duzue gasolindegia martxan jartzea?

Datak jartzea arriskutsua izaten da zeren eta ezustekoak beti azaldu daitezke.  Baina gauzak ongi joanez gero, ekainean kooperatiba erregistratu eta egin behar diren paperak egin, bankuari mailegua eskatu eta lanak kontratatuko genituzkeen. Behar diren baimenak jaso eta gero, lanak udazkenerako hasi nahiko genituzkeen eta urtea bukatu baino lehen gasolindegia martxan egotea espero dugu. Dena den, kontratazioak eta maileguen kontuekin lanean ari gara eta gauzak dexente aurreratzen ari gara. Esan beharra dago gauzak aurreratu eta kostuak merketu ahal izateko, auzolanean zer egina egonen dela eta hortarako ere jendea animatzen dugula.

Zer gisako gasolindegia izanen litzake?

Eguneko 24 orduak irekita egonen zen gasolindegi automatiko batetaz hitz egiten ari gara, nahi duen guziari irekia.  Kooperatibako kideek txartel bat edukiko dute eta sozioa ez denak bankuko txartel arrunt batekin hartu ahalko du erregaia, beste edozein gasolindegitan bezalaxe. Bi erregai izanen dira: gasoila A eta berunik gabeko gasolina. Bestelako produkturik ez da egonen, zeren eta nahiz eta gasolindegia deitu, berez, zerbitzu puntu bat da eta legek esaten du hiru produktu baino gutxiago jarri behar direla salgai.

Zerbitzua zeineri eskaini nahi diozue?

Goizuetarako, gasolindegia ez dugu ikusten negozio bat bezala, herriarentzako beharrezkoa den zerbitzu bat bezala baizik. Eta kooperatibaren bitartez, ahalik eta zerbitzu hobeago eta merkeena lortu ahal izatea da gure helburua. Eta gainetik irabaziak ere ematen baldin baditu, herrian beharrezkoak ditugun beste zerbitzu edo egitasmoak finantziatzeko laguntza gisara baliatu litezke.

Besterik?

Gasolindegia ireki ahal izateko, maiatzak 28rako ahalik eta jende gehien kooperatiban sartzea oso garrantzitsua da. Eta horretarako paper bat sinatu behar denez, maiatzaren 21ean plazan mahai bat jarriko da; Udaletxean ere norbait egonen da maiatzaren 25ean 18:30etik 19:30era; maiatzaren 26an 11:00etatik 12:00etara eta maiatzaren 27n 19:00etatik 20:00 arte. Nahi duenak, Amaiaren kafetegira edo estankora ere zuzendu daiteke, kooperatibako kide egin ahal izateko paperak hartu eta betetzeko. Informazio gehiago edo nor beraren iritzia emateko goizukoop@gmail.com helbidera ere zuzendu daiteke

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun