Suhiltzaile boluntarioak dituzten zazpi udalekin hitzarmena berritu du Nafarroako Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2016ko mai. 19a, 09:40
Suhiltzaile boluntarioak dituzten udaletako ordezkariak eta Nafarroako Gobernukoak, hitzarmena berritu ondotik.

Maiatzaren 18an sinatu zuten Iruñean Maia Jose Beaumont kontseilariak eta Agoitz, Bera, Goizueta, Isaba, Leitza, Lesaka eta Luzaideko udal ordezkariek

Nafarroako Gobernuak eta bere suhiltzaile boluntarioen parkeek babes zibileko gaietan duten elkarlana berritzeko hitzarmena sinatu zuten maiatzaren 18an Iruñeko Nafarroako Jauregian Maria Jose Beaumont, Lehendakaritza, Barne eta Justizia kontseilariak eta Agoitz, Bera, Goizueta, Isaba, Leitza, Lesaka eta Luzaideko udalek.

 

Kontseilariarekin batera, Agustin Gastaminza Barne departamentuko zuzendari nagusia, Felix Esparza Babes Zibileko zerbitzuaren zuzendaria eta Victor Rubio, Suhiltzaileen Zerbitzuko zuzendaria izan ziren, baita Unai Lako Agoitzeko alkatea, Josu Iratzoki Berako alkatea, Unai Loiarte Goizuetako alkatea, Mikel Zabaleta Leitzako alkatea, Jose Luis Etxegarai Lesakako alkatea, Fernando Alzón Luzaideko alkatea eta Gorka Bueno Isabakozinegotzia.

Hitzarmena, behin Nafarroako Larrialdi Agentzia desagertuta, Barne Zuzendaritza Nagusiaren egitura berrita egokitu da,. Honela, baliabide hauen mobilizazioa eta suhiltzaile boluntarioen parke hauei ematen zaien laguntzen kudeaketa Babes Zibileko Zerbitzuaren esku izanen dira orain, eta suhiltzaileen formakuntza eta operazioen agintea Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuaren esku izanen da.

 

191.000 euroko laguntza aurten

Hitzarmenaren arabera, Nafarroako Gobernuak parke hauen jarduera diruz lagunduko du. Aurten, 191.000 euro bideratuko dira, funtzionamendu, aseguru, ekipamendu, instalakuntzen hobekuntza, eta larrialdietarako ibilgailu eta bertze ekipoen erosketarako.

Gaur Egun, Babes Zibileko Zerbitzuaren informazioaren arabera 141 suhiltzaile boluntario daude Nafarroa osoan. Eskualdean, Goizuetan 34 daude (anbulantzia-garraiorako laguntzaileak barne), 26 Leitzan, 20 Lesakan eta 11 Beran.

Joan den urtean 226 ateraldi egin zituzten Nafarroa osoan, gehien bat suteak, bilaketak eta errekateak. Parte guztietan bi kamioi dituzte (bat oihanerako normalean) eta bi todoterreno, Goizuetan eta Isaban izan ezik. Bi herri hauetan, todoterreno baten ordez, anbulantzia eta elurra kentzekoa dituzte, hurrenez hurren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun