Aniztarrek ere bat egin dute Kontseiluak ekainaren 4rako deitu duen manifestazioarekin

Ttipi-Ttapa 2016ko mai. 18a, 10:36
Aniztarrek bat egin dute ekainaren 4ko manifestazioaren aldarriarekin: 'Bide eman euskarari'.

‘Bide eman euskarari’ lelopean ekainaren 4an, 17:30ean abiatuko da Iruñeko Golemetatik

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak ekainaren 4rako ‘Bide eman euskarari’ goiburupean deitu duen manifestazioarekin bat egin dute jada Nafarroako hainbat eragile sozialek. Aniztarrek ere manifestazioarekin bat egiteko argazkia atera dute, eta ondotik Kontseilurat igorri. Gainerako baztandarrak ere animatu dituzte sustengua ematera.

 

Orain dela urtebete, esparru desberdinetan lanean diharduten eragile sozialek bat egin zuten Nafarroan aldaketa eman beharraren aldarrikapenarekin. Urtebete igarota, berriz ere batu dira euskaraz bizi nahi dugulako euskarari bide eman behar zaiola aldarrikatzeko (atxikimendua komunikazioa@kontseilua.eus helbidean eman daiteke).

«Ez gaude orain dela ustebete desio genuen egoeran. Azken egunetako gertakariek, gainera, are nabarmenago utzi digute hori. Ez dugu oinarri sendorik euskaraz bizi nahi dugun herritarrok gure nahi hori egikaritzeko. ETB ikusteko aukera zapuztu digute. Herritarrek egindako lan eskergari esker lortu genuen Iruñeko 17 haur eskoletatik lauk (aurretik bi bakarrik ziren) euskarazko eskaintza egitea eta guraso baten salaketa bere eginez auzitegiak bertan behera utzi du erabakia. Herritarren eskaera eskaintza baino askoz ere handiagoa izatea ez dute aintzat hartu» diote Kontseilutik.

Euskararen nomalizazioaren aldeko ausartak hartzeko garaia da, jauzia egiteko garaia da eta eragile sozialak ere euskarari bide emateko bultzada eta prestutasuna erakutsi nahi dira manifestazioan.

Euskarari bide eman behar zaio, justiziazkoa delako, oreka soziala bermatzeko beharrezkoa delako. Ez dugu ulertzen hizkuntza-eskubideen bermeari begira erabakiak hartzen direnean batzuek erakutsi duten jarrera ezkorra, batzuetan oldarkorra.

Bide honetan euren ekarpena egingo dutela ere adierazi nahi dute eragile sozialek. «Guztioi dagokigulako euskararen normalizazioan urratsak ematea eta hauek eman daitezen bultzada ematea. Hori ere erakutsiko dugu manifestazioan».

Euskaraz bizi nahi duten herritarrak bidelagun ditugu euskarari bide emateko eta horiek guztiak gonbidatu nahi ditugu ekainaren 4an, 17:30ean Golemetatik abiatuko den manifestazioan parte hartzera. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun