Arantza rock jaialdia iragartzeko kartel lehiaketa antolatu du Gazte Asanbladak

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko mai. 18a, 08:51
Gaztea Irratiko maketa lehiaketan arrakasta izaten ari den Leitzako Katez taldea izanen da Arantza Rockeko taldeetako bat.

Proposamenak ekainaren 3ra bitarte aurkez daitezke eta 200 euroko saria izanen da irabazlearentzat

Arantza Rock jaialdiekin segitzeko erabakia hartu du Gazte Asanbladak eta lehengo kideez gain, lagun berriak batu dira taldera. Azken hilabete pasatxotik astero bildu ondotik, 21. Arantza Rock martxan da! Taldeak zehaztu dituzte: Katez (Leitza), Sorkun, Enkore eta Skasti. Gainera, aurten, estreinakoz, kartel lehiaketa antolatu dute eta ekainaren 3ra arte proposamenak aurkezten ahal dira, arantzagazteasanblada@gmail.com helbide elektronikora bidaliz.

 

Oinarriak

Gaia Arantza Rock 2016 da. Edozeinek har dezake parte eta partehartzaile bakoitzak lan bakarra aurkeztu dezake. Lanak orain arte argitaratu gabea izan behar du. A3 formatuan izan behar du eta testu hau agertu behar da kartelean:

-Arantza Rock 2016 ­(logoarekin).

-Abuztuak 20.

-Katez, Sorkun, Enkore, Skasti.

-22:00etatik aitzinera.

-Sarrera debalde.

-Ilunabarrean elektro­txaranga.

-Arrats guzian zehar bokatak egonen dira.

Gazte Asanbladak erabakiko du kartel saritua eta egileak 200 euroko saria eramanen du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun