Bisita gidatuak proposatu ditu Baztan Bidasoa Turismo Elkargoak

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko mai. 17a, 11:27
Bisita gidatuen programa aurkeztu ondotik, dastaketa ttiki bat egin zuten Bertizen.

Beintza-Labaien, Elizondo, Etxalar, Igantzi, Sunbilla eta Urdazubin aukera zabala izanen da urte osoan

Baztan-Bidasoa Turismo Elkargoak 2016ko bisita gidatuen eskaintza prestatu du eta hiruorriko batean aurkeztu du. Joan den ortziralean egin zen aurkezpena Bertizen, Baztan Bidasoa Turismo Elkargoko Mari Jose Iparragirre presidente ordearen eta Irauliko Haizea Destribats-en eskutik, eta ondotik dastaketa ttiki bat egin zen.

 

Igantzin, Irrisarri Express tren turistikoaren ibilbidea izanen da, Arranoen begiratokitik bista ikusgarriak, Ikaztegiari bisita gidatua eta 140 metroko tibetar zubia. Parkea irekia dagoenean egunero, 12:00etan eta 16:00etan.

Etxalarren, Herria, Usategiak eta Kontrabandoa ezagutzeko hiru aukera izanen da. Honela, Etxalarko historia etxeen bitartez ezagutzeko aukera izanen da urte bukaera arte larunbatetan 12:00etan. Abuztuan lehen hamabostaldian egunero eginen dituzte bisitak 12:00etan. Usategiei dagokienez, 600 urte baino gehiago dituen sarezko uso harrapaketa tradizionala ezagutzeko bisita gidarua urriaren 1etik azaroaren 20ra bitarteko larunbat, igande eta besta egunetan eginen dituzte, 11:00etan. Kontrabandoa ezagutzeko, berriz, uztail eta abuztuko larunbatetan 21:00etan abiatuta gauez ibilbidea eginen dute, muga inguruan kontrabandorako erabiltzen ziren bidaxketatik, kontrabandoan ibilitako baten esperientziak eta abenturak ezagutuz.

Urdazubin, Urdazubiko monastegitik errotara, klaustroan dagoen ‘Euskal Herriko pinturaren 50 urteko historia’ arte erakusketa ere bisitatuz. Larunbat eta igandetan urte bukaera arte egin daiteke.

Sunbillako Irauli enpresaren eskutik, gure lurraldeko sagardo eta ardoen eta bertako produktuen dastaketa eginen dute. Udaberria eta udazkenean ortzegunero 20:00etan eta ortziralero 21:00etan. Hilabeteko lehen eta hirugarren astean Iruritako Jauregiarten eginen dituzte dastaketak eta bigarren eta laugarren astean Doneztebeko El Café Ostatuan.

Elizondon, ibilaldi gidatuak Elizondo, Elbete eta Etxaideko errotan barna eginen dituzte eta Iturrieder iturburura ailegatuko dira. Udaberri eta udazkenean larunbatetan 17:30ean eta uztail eta abuztuan ortziraletan 17:30ean egien dira bisitak.

Beintza-Labaienen, Lezealde, lur barruko altxorrak, espeleologian hasmenta bisita proposatu dute udaberri eta udazkeneko larunbatetan 10:00etan eta uztail eta abuztuko ortzegunetan 10:00etan. Lezealde kobazuloan (2. Maila), kareharrian eragindako formazio ikusgarriak ezagutzeko aukera.

Informazio eta erreserbak info@baztan-bidasoa.com helbide elektronikoan egin daitezke, edo 948 592323 telefonoan, astelehenetik ortziraalera 10:00etatik 14:00etara. Baztan-Bidasoa Turismoko bazkideen bezeroentzako prezio berezia izanen da.

Erlazionatuak

Haizea Destribats-Irauli

Xorroxin irratia 2016 mai 17 Mendialdea

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun