Egunero 30 euro eta astero 200 euroko oparia jasotzeko aukera ematen du Denok Bat Federazioak

Ttipi-Ttapa 2016ko mai. 16a, 08:25

Udaberriko promozio kanpaina maiatzaren 16tik ekainaren 15era eginen dute

Baztan, Bera, Doneztebe eta Lesakako komertzianteak biltzen dituen Denok Bat Federazioak udaberriko promozio berri bat eginen du maiatzaren 16tik ekainaren 15era. Hilabete honetan, Denok Bat Giltzaria txartelarekin erosketak ordaintzen dituztenen artean egunero 30 euroko opari txartela zozketatuko dute eta astero 200 euroko opari txartela.

DenokBat Giltzaria eskaintzen duten edozein saltokitan erabiltzen ahal dira opari txartel hauek, maiatzaren 16tik ekainaren 18ra.

Eguneroko zozketa goizean lehenengo orduan eginen da. Zozketa honetan, aurreko egunean DenokBat giltzariarekin eragiketa bat egin duten bezero guztiek parte hartuko dute. Asteroko zozketa, berriz, astelehen goizeko lehen orduan eginen da, maiatzaren 23 eta 30ean eta ekainaren 6 eta 13an. Zozketa honetan, aurreko astean Giltzariarekin eragiketa bat egin duten bezero guztiek parte hartuko dute.

Opari txartelen irabazleei telefonoz deituko zaie. Irabazleak, telefonoz errandako saltokira joan beharko du eta bertan opari txartela kanjeatzeko kode bat emanen zaio. Baita ere argazki bat aterako zaio irabazi duen opari txartelarekin. Opari txartela ezin da inolaz ere diruz trukatu.

Egunero, DenokBat federazioa osatzen duten elkarteen facebook-etan eta DenokBateko web-orrian, irabazleen izenak eta argazkiak argitaratuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun