Hondakinen birziklatze tasa maximo historikora ailegatu da Baztan-Bidasoaldea % 35,18era iritsiz

Ttipi-Ttapa 2016ko mai. 13a, 10:19
Inoiz izan diren birziklatze tasa onenak izan zituen iaz Baztan-Bidasoaldeak.

Iaz 9.789 Tona etxe eta merkataritza hondakin kudeatu ziren 

Joan den urtean, Baztan-Bidasoaldea hondakinen birziklatze tasa maximo historikora ailegatu zen, %35,18. Sei urtetan zonaldean sortzen diren hondakinen  % 74,53 zabortegian lurperatzetik % 64,82ra pasatu gara. Baztango Udaletik eta Malerreka eta Bortzirietako Mankomunitateetatik eskertu nahi diote jendeari hondakinak bereizteko egiten ari den ahaleginagatik, gero birziklatu ahal izateko.

 

2015ean 9.789 tona etxe eta merkataritza hondakin kudeatu ziren. Horietatik, 3.443 tona hondakinak bereiz biltzeko ditugun zerbitzu desberdinetan jaso ziren (paper-kartoi, beira, ontziak, materia organikoa, olioa, arropa,tamaina handiko trasteak, etab.), hau da, guztizkoaren % 35,18. Gainerakoa, 6.345 tona (% 64,82), errefusa zaborrontzietan (berdeak) nahasita jaso zen eta Tuterara garraiatu, Erriberako Mankomunitateko zabortegian lurperatzeko.

Igoerarik handienak materia organikoa (%60,07), ontziak (%36,53) eta arropan (%36,11) eman ziren. Egurran (%15,46), olioan (%13,32), paper-kartoian (%1,93) eta siloetako plastikoetan (%1,67) ere datuak hobetu ziren. Bertze aldetik, beiran (%-0,32) eta gailu elektriko eta elektronikoetan (%-0,71) ehunekoak jaitsi ziren, jaitsiera handienak hondakin bereziak eta arriskutsuetan (%-10,76) eta txatarran (%-23,55) emanez.

Joera orokorra oso positiboa izan arren eta, grafikoan ikusten den moduan, ehunekoak urtero-urtero handitzen ari baldin bagara ere, oraindik araudiak markatzen duenetik hagitz urrun gaudela azpimarratu nahi izan dute Baztango Udaletik eta Bortzirietako eta Malerrekako Mankomunitateetatik: “Hondakinen Legearen arabera, 2020. urterako % 50 birziklatu behar dugu. Gainera, materia organikoari dagokionez, Nafarroan 2025erako %70era ailegatu behar dugu, eta 2015ean %25era ailegatu ginen. Beraz, birziklapen datuak aunitz hobetzen ari baldin bagara ere, oraindik lan handi dugu egiteko araudiak markatzen dituen helburuetara ailegatzeko”.

 

Gainera, ez dugu ahantzi behar birziklapenak onura aunitz dituela, bai ekonomikoak bai ingurunearenak:

- Erabilitako beirazko ontzi tona bat birzikltzeak 130 litro fuel aurrezten ditu.

- Plastikozko botil bat birziklatuz bonbilla bat 6 orduz piztuta mantentzeko behar den energía aurrezten dugu; eta birziklatutako lata bakoitzarekin telebista bat ordu batez piztuta mantentzeko.

- Birziklatutako brik tona bakoitzeko 1.500 kg egur, 100.000 litro ur eta 221 kg gasoil aurrezten ditugu.

- Egunkari tona 1 birziklatzeak 4.000 Kwh elektrizitate aurrezten ditu, 3 logelako etxebizitza bat urte batez hornitzeko adina.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun