Txinoko festak ospatuko dituzte maiatzaren 6 eta 7an Goizuetan

Ttipi-Ttapa 2016ko mai. 4a, 08:24
Txinoko dragoia aterako da asteburuan giroa alaitzera, trikitilariekin batera.

Xabier Legarreta eta Julio Sotoren bertso saioarekin hasiko dira ostiralean

Ohiturari segituz, maiatzeko lehenbiziko asteburuan zubiz bestaldera dagoen Txino auzoko festak izango dituzte hamahirugarren urtez Goizuetan, Gazte Asanbladak, Ezker Abertzaleak, Guraso Elkarteak, Zubiondok, Umore Onak eta Udalak antolatuta. 

 

Maiatzaren 6an, ostiralean Julio Soto eta Xabier Legarreta bertsolariek emango diete hasiera festei 20:30ean, Zubiondo tabernako bertso saioarekin. Gauean 22:30ean Mus txapelketa jokatuko da taberna berean. Bikote txapeldunak arkumea eramango du etxera eta azpitxapeldunak txakolina eta bi bogabante.

Larunbatean, maiatzak 7, 09:45ean krosean izen ematea irekiko da. 10:30ean abiatuko da haurren krosa eta 11:00etan helduen krosa. 12:00etan festei hasiera ofiziala emateko txupinazoa botako da eta ondoren kroseko sari banaketa eginen dute. Dragoia aterako da giroa alaitzera, trikitilariekin batera. 14:30ean herri bazkaria izango da Goiko Frontoian. Bazkaltzera joan nahi dutenek txartelak salgai dituzte Amaia kafetegian.

Arratsaldeko 6etan Papo kubanoarekin zunba eta ondoren Garazi eta Janire trikitilariak arduratuko dira giroa alaitzeaz. Gauerdiko 12etan hasita kontzertuak izango dira Des­perdicio eta Oso Basatis taldeekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun