Elikadura burujabetza ikuspegi feminista batetik landu dute Leitzan

Ttipi-Ttapa 2016ko mai. 3a, 07:33
Azken saioan, Leitzako Kontsumo Taldeko Gotzone Sestorain emakume baserritarrarekin landu dute Amazabalgo ikasleek.

Amazabal institutuko DBHko lau mailetako ikasleek tailerrak burutu dituzte

Azken egun hauetan Leitzako Amazabal institutuan DBHko lau mailetako ikasleek, elikadura burujabetzaren inguruko tailerrak burutu dituzte. Elikadura burujabetza gaur egungo elikadura sistemari baserritarrek proposaturiko alternatiba da. Hau garatzeko ikuspegi feministak duen garrantzia herrien elikadura burujabetzaren aldeko borrokan aztertu da. 

 

Tailer hauen helburua da alde batetik, azken 60 urtetan nekazaritzan eta gure elikadura sisteman eman den aldaketaz eta honek ekarri dituen ondorio kaltegarriez jabetzea azpimarratuz bestelako nekazaritza eta elikadura eredu jasangarriagoa, parekideagoa eta justuagoa posible dela konturatzea. Beste alde batetik, aitzinako eta gaur egungo baserritar munduan emakumearen garrantziaz jabetzea eta elikadura subiranotasunean baita orokorrean ekonomian emakumeen aportazioak balorean jartzea.

Lanketa hiru saioetan egin da. Lehendabizikoan gaiaren inguruko dokumental bat ikusi dute. Ondoren etxeko lana egin dute: aiton-amonekin eta gurasoekin gaiaren inguruko galdetegia bete dute (baserritako bizimoduaz, zer motako elikadura zuten, emakumearen papera…). Bigarren saio batean etxetik jasotako informazioa gelan landu dute eta hirugarren saioan Gotzone Sestorainekin, emakume baserritarra eta Leitzako Kontsumo Taldeko kidearekin, eztabaidatzeko aukera izan dute.

Ekintza hau Berdintasun zerbitzutik, Leitzako Amazabal institututik eta Leitzako Kontsumo Taldetik bultzatuta izan da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun