Garai bateko azienda feria berreskuratu dute Beran

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko mai. 2a, 10:38
Kiroldegiko patioan hainbat azienda eta herritar bildu ziren.

Erakusketa, bazkaria eta baserriaren egoerari buruz hitzaldia izan zuten apirilaren 30ean

Garai batean Beran ere azienda feriak egiten zituzten Herriko Etxeko Plazan. Itxura batean, 1935. Urtean egin zuten azkenekoa. Bada, orain, berreskuratzeko asmoz, herritar batzuk eta udalak antolatuta azienda eta produktuen erakusketa feria egin dute larunbat honetan. Goizean aziendak eta bertze produktuak ikusteko aukera izan zen kiroldegiko zabaldegian eta bazkariaren ondotik, baserriaren egoera eta etorkizunaren inguruan aritu ziren Arizkungo Mikel Altzuart, Nabasturengo Gabriel Errandonea eta Sunbillako Lizun gasnategiko Arkaitz Vicente.

 

Berako baserritarrak eta herritarrak kontent gelditu dira egunak emandakoarekin. Nahiz eta eguraldiak ez zuen sobera lagundu, behiak, zaldiak eta behorrak, ahariak eta ardiak, ahuntzak, mandoak, zakurrak, baita idi-parea ere, uztarri eta guzti plazaratu zituzten. Bazkaria ere animatua joan zen eta bazkalondoko solasaldia interesgarria izan zen. Heldu den urtean ere, segidan emateko intentzioa dute.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun