12 urtez beheitiko Nafarroako futbol-8 selekzioarekin jokatu du Iraia Etxarte lesakarrak

Ttipi-Ttapa 2016ko api. 27a, 07:28
Iraia Etxarte lesakarra Nafarroako selekzioarekin Almerian. Kokoriko, ezkerretik hasita lehenbizikoa da.

Almerian jokatutako Espainiako Autonomia arteko txapelketan hirugarren izan da

Hamar urte bertzerik ez baditu ere, Nafarroako 12 urtez beheitiko selekzioarekin Espainiako autonomia arteko txapelketan parte hartu du Iraia Etxarte Telletxea lesakarrak asteburu honetan Almerian. Taldeko ttikiena izanik ere, ederki moldatu zen Beti Gazteko jokalaria.

 

Lehenbiziko faseko hiru partidak irabazi zituzten nafarrek Kanariak Uharteak (1-0), Errioxa (2-0) eta Kantabriaren kontra (2-1).

Hortaz, multzo buru moduan sailkatu ziren final laurdenetarako eta partida horretan ere garaile suertatu ziren Valentziaren kontra (1-0). Finalerdian, gerora txapeldun izan zen Madrilen kontra berdindu egin zuten (1-1), baina penaltietan galdu. Azkenean, partida alerik galdu gabe, hirugarren izan zen Nafarroako selekzioa eta esperientziarekin hagitz kontent bueltatu da Iraia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun