Hassan Ait Chaou eta Eguzkiñe Zabaletak irabazi dute Leitzako 38. Herri Krosa

Ttipi-Ttapa 2016ko api. 25a, 14:38
Ait Chaou eta Zabaletak maila bikaina erakutsi zuten.

Iban Bengoetxea eta Arantza Mauleon izan dira nagusi 4,5 kmko ibilbidean

Alde zaharrean barna igaro, aldapan gora joan eta mendi xendak zeharkatu zituzten apirilaren 23an Herri Krosean parte hartu zuten lasterkariek. Denera 200 parte-hartzailetik gora izan ziren, 111 kategoria absolutuan; horietatik 75ek 9.500 metroko bidea osatu zuten eta 36k 4.500 metrokoa. Proba nagusian, Hassan Ait Chaou izan zen lehena helmugan, (31:57 minutu) eta Eguzkiñe Zabaleta leitzarra lehenbiziko emakumea (45:56 minutu).  Ibilbide motzean Iban Bengoetxea leitzarra (16:44) eta Arantza Mauleon (24:08) izan ziren lehenbizikoak. Helduak 17:00etan abiatu ziren irteeratik eta aurretik, haurrak eta benjamin mailakoak aritu ziren korrika. Ikusi argazkiak

Berrikuntzez betea heldu zen Leitzako Herri Krosaren 38. edizioa eta parte-hartzaile eta antolakuntzako kideak gustura gelditu dira emaitzarekin. Ibilbide berria izan zen aldaketa nagusiena eta probaren gogortasun maila igo eta herrian barna eta mendi inguruan korrika ibilita «xarma gehiago duen ibilbidea» osatu dutela aipatzen zuten gehienek.

Hasiera hasieratik erritmo bizia hartu zuen Hassan Ait Chaouk eta nagusi izan zen proba guztian. Bera izan zen 9.500 metroko lasterketan txapelduna, 31:57 minutukoko denborarekin. Helmugara bosgarren iritsi zen Eneko Aizagirre izan zen lehenbiziko leitzarra.  Emakumeetan herritarra izan zen garaipena eskuratu zuena, Eguzkiñe Zabaleta leitzarra 45:56 minutuko denborarekin  izan baitzen lehena helmugan.  Ibilbide laburrean berriz, Iban Bengoetxea leitzarra (16:44 minutu) eta Arantza Mauleon (24:08) izan ziren irabazleak. Emakumeetan lehenbiziko leitzarra Ainara de Miguel izan zen.

Beste berrikuntzetako bat sariei zegokiena izan zen. Aurtengoan ez zen sari ekonomikorik izan eta horren ordez, garaikurra eta denboraldiko produktuekin osatutako lotea eskuratu zuten irabazleek. Zozketa bereziak ere egin ziren eta herriko merkatariek, tabernek eta kirolariek emandako opariak banatu zituzten parte hartzaile guztien artean. Ohitura denez, izen-ematerako orduan talde mistoa osatu eta lasterketa zehaztutako denbora baino lehenago  (45 minutu edo 22 minutu) bukatzen zutenek, oilasko parea izan zuten opari.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun