Beti Gazte eta Txantreak irabazi dituzte Nafarroako lauko sokatira txapelketako lehen txapelak

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko api. 25a, 11:12
Beti Gazteko bi taldeak eta Txantrea, gizasemeen 320 kiloko kategoriako podiumean.

Lesakan jokatutako bigarren jardunaldian nagusitu ziren 320 eta 255 kiloko kategorietan

 

Apirilaren 23an jokatu zen Lesakako udal pilotalekuan Nafarroako lauko sokatira txapelketako bigarren jardunaldia eta bertan banatu ziren lehen txapelak ere. Gizasemeen 320 kiloko kategorian Beti Gazte A izan zen txapeldun, Beti Gazte B azpitxapeldun eta Txantrea hirugarren. Emakumezkoen 255 kilokoan, Txantrea nagusitu zen, Kaskallueta eta Berriozarren aitzinetik. 20 urtez beheitiko kategorian eta kadete mailan ere lehiatu ziren tiralariak. Ikusi argazkiak

 

Beti Gazte A taldean, Markel Suarez, Lander Landiribar, Beñardo Iantzi eta Gerardo Telletxea aritu ziren, Julen Palenzuela eta Agoitz Altzugarai erakusle zituztela  eta finala irabazi zioten Beti Gazte B taldeari (Karmelo Mitxelena, Ander  Mitxelena, Xuban Larretxea eta Paskual Taberna, laguntzaile Mikel Apeztegia zutela). Txantreak osatu zuen podiuma, eta Berriozar A laugarren, Berriozar B bosgarren eta Kaskallueta seigarren izan ziren.

Emakumezkoen 255 kilokoan, Txantrea nagusi izan zen, Kaskallueta, Berriozar eta Bizindar taldeen aitzinetik.

20 urtez beheitiko kategorian, Berriozarrek 3 puntu lortu zituen, Basaburua 2 puntu eta Araxes 1.

Kadetetan, Baztango Basaburua izan zen eskualdeko ordezkaria. Zortzi talde ari direnez, bi multzotan banatuak aritzen dira eta bietan baztandarrak nagusitu ziren.

A multzoan Basaburua A lehenbizikoa izan zen (4 puntu), Andra Mari bigarren (3 puntu), Araxes hirugarren (2 puntu) eta Berriozar A laugarren (puntu 1),

B multzoan, Basaburua B nagusitu zen (4 puntu), Iñigo Aritza (2,5 puntu), Beriain (2,5 puntu) eta Berriozar B (puntu 1).

 

Azken jardunaldiak

Maiatzaren 7an, 18:00etan Antsoaingo pilotalekuan, gizonezkoen 300 kiloko eta emakumeen 235 kiloko lehen jardunaldiak eta kadeteen eta 20 urtez azpikoen hirugarren jardunaldiak jokatuko dituzte. Ordubete lehenago, Euskal Herriko lehen mailako jautsiera kanporaketa jokatuko da Aurtizko Ander Erasun eta Lezaungo Juanjo Lopezen artean.

Bukatzeko, maiatzaren 14an, Berroetako plazan 17:30ean, gizonezkoen 300 kiloko eta emakumezkoen 235 kiloko bigarren jardunaldiak eta lehen bi sailkatuen arteko finalak, kadeteen finalerdiak eta finala eta 20 urtez azpikoen laugarren jardunaldia jokatuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun