308 kiloko harria erraz bizkarreratu du Inaxio Perurenak

Ttipi-Ttapa 2016ko api. 25a, 09:16
Altxaldi bakarra behar izan zuen 308 kiloko harria altxatzeko

Bi hilabete eskas behar izan ditu 305 kilotik 308ra heltzeko

300 kilotik gorako bidean, koxka bat gorago egin du Inaxio Perurenak apirilaren 23an. Amazabal pilotalekua jendez lepo, animo faltarik ez zuen izan. Altxaldi bakarra aski izan zuen, 308 kiloko harriari jasoaldi garbia, zalantzarik gabekoa emateko.

Otsailaren 28an lortu zuen 305 kilokoa jasotzea eta bi hilabete eskasean bere marka pertsonala hiru kilo hobetzea lortu du. Egin beharreko beroketak egin ondotik, prestatu, epaileak txistua jo eta bost minutu zeuzkan helburua betetzeko. 17 segundo nahikoak izan zituen.  «Oso pozik nago. Bikain atera da dena», aitortu zuen Inaxio Perurenak marka egin berritan. Sasoiko dago leitzarra, herriz herriko erakustaldiak eskaintzeko sasoia dator orain. Hurrengo erronka burutan du ordea, «esku batekin zerbait egitea».
32 urteko harri-jasotzaile leitzarra hirugarrena da kilo gehien altxatu dutenen artean. Aita, Iñaki Perurena du aurretik, 320 kilorekin, eta kilo gehien jaso dituena, Mieltxo Saralegi, 329 kiloko markarekin.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun