Europaren errefuxiatuekiko jarrera salatzeko elkarretaratzeak egin dira

Xorroxin irratia 2016ko api. 22a, 12:44
Lesakan atzo egindako elkarretaratzea. (Argazkia Lesakako EH Bildu)

Atzo Euskal Herriko herri aunitzetan Europak errefuxiatuekiko duen jarrera salatzeko elkarretaratzeak antolatu zituen EH Bilduk. Gure eskualdean, hamarnaka lagun bildu ziren Lesaka, Bera, Doneztebe eta Elizondon egin zinen elkarretaratzeak.

EH Bilduk dionez, arazoa «mundu mailako drama humanitarioa da». Munduan 60 milioi errefuxiatu daude, gehienak Ekialde Hurbilean eta Afrika beltzean dute jatorria, «baina Afganistan, Irak, Siria, Kurdistan, Sahara, Tibet... Herrialde eta eremu anitzetan dute jatorria errefuxiatuek». Egoera hauek guztiek komunean dutena «gatazka politiko-militar eta sozioekonomikoek eragindako mugimendu migratorioak» direla da, «inor ez da borondatez bere herrialdetik ateratzen».

Gainera, egoera ez dela «goizetik gauera sortu» diote «Europak eta mundu mailako potentzia handienek hamarkadetan hartutako erabakien ondorioa da». Europak azken hilabeteetan izandako jarrera ere kritikatu dute «nazioarteko legeria bihurritu eta giza eskubideen babesa bulkatuko lukeen jarrera humanistari eutsi beharrean, neurri polizial eta militarrak aktibatu ditu».

EH Bilduren erranetan, Europa pertsona errefuxiatuen eskubideak etengabe urratzen ari da «gezur handi baten aitzinean gaude, Europa bi aurpegirekin jokatzen ari delako. Errefuxiatuen eskubideen babesle gisa agertu nahi du, baina, aldi berean errealitatea ezkutatu nahian dabil. Milaka gizon, emakume eta haur noraezean ari dira, estatu batetik bertzera espulsatuak, internamendu zentroetan sartuak, bortxatuak, desagerraraziak, jipoituak, lapurtuak eta jazarriak... Eta hori guztia Europako estatuen babesarekin».

Horregatik errefuxiatuei ongi etorria emateko beharra azpimarratu du EH Bilduk «arduragabekeria eta giza eskubideen urraketa horren aitzinean, herritarrok, bakoitza bere eragin esparrutik, norberak eskura duen aukeraz baliatua, errefuxiatuak diren pertsonei ongi etorria eman beharrean gaude, aitortza eta laguntza eskainiz».

Nazioarteko harremanen bertzelako antolaketa aldarrikatzea ere «ezinbertzekotzat» jo dute «herrien eta herritarren eskubideak aintzat hartuko dituen bertzelako mundua behar da». Bertzalde, «belaunaldiz belaunaldi gerra eta erbestean ezagutu duen herri baten kideak garen heinean, elkartasuna gure balore eskalaren gainaldean» kokatzen dutela ere aipatu dute. «Euskal Herria Bilduk justizia soziala eta bizitza duina ardatz izanen dituen Euskal Herri burujabe eraikitzeko konpromisoa osoa du, bide horretan ezinbertzeko tresna da internazionalismoa».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun