Leurtzako urtegira irteera antolatu dute Solaslagunek apirilaren 30ean

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko api. 19a, 07:31
Lehendik ere joanak dira Solaslagunak mendira. Argazkian, Artikutzan duela lau urte.

Mendilagunak egitasmoaz gain, Parkelaguna ere antolatu dute

Solaslagunak programaren baitan, Leurtzako urtegira ateraldia antolatu dute Mendilagunek apirilaren 30ean. Horretaz gain, gurasoak haurrak zaintzen ari direlarik, haien artean euskara praktikatzeko elkartuko dira Parkelagunak egitasmoan.

 

Apirilaren 30eko Leurtzako ateraldiari dagokionez, larunbat goizeko 10etan Doneztebeko Titi ostatuan kafetxoa hartu eta autoak antolatuko dituzte Leurtzara joateko. Urtegien inguruan bizpahiru orduko ibilbidea eginen dute, Itziar Irastorza Doneztebeko solaslaguna gidari dutela. Nahi izatekotan hamaiketako ttipia ere eraman daiteke. 14:00eran bazkaria izanen dute Beintza-Labaiengo Orbela aterpetxean. Bazkarian izen emateko epea apirilaren 25ean akituko da, Solaslagunaren txokoan, 610 920673 telefonoan edo solaslaguna@topagunea.org helbide elektronikoan. 15 euroko menua izanen dute (salda, entsalada epela, oilasko izterrak labean eta txitxi-pilotak, etxeko flana eta izozkia, kafe edo infusioa, ardoa eta sagardoa.

 

Parkelagunak

Honetaz gain, Parkelagunak egitasmoa ere aurkeztu dute, gurasoak haurrak zaintzen ari direlarik, haien artean euskara praktikatzeko elkartuko dira astean zehar. Seme-alaba ttikiak dituzten gurasoei zuzendutako aldaera da eta haurren ordutegi edo zaintza beharretara egokitua dago. Taldeak osatuko dituzte, euskaraz dakitenak, ikasten ari direnak edota praktikatu nahi dutenak, aukeratutako ordutegi eta egunetan euskaraz solasteko. Parkelagunak umeen zaintzaz arduratuko dira Mintza-taldean dauden bitartean. Bi baldintza baino ez dira bete behar. Batetik, euskaraz komunikatzeko gutxieneko maila edukitzea eta bertzetik, gutxienez astean behin ordubete inguruz taldearekin biltzeko konpromisoa hartzea (behin taldeak osatuta, zehaztuko dira ordua, aste eguna eta elkartzeko lekua.

Izen ematea apirilaren 25era arte egin daiteke, fitxa bete eta Solaslagunaren Txokoan, Baztan. Bortziriak eta Malerrekako Euskara Zerbitzuetan edo ikastetxeetan utziz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun