Oier Ariznabarretak eta Laura Solak hirugarren urtez segidan irabazi dute Berako Mendi Maratoi Erdia

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko api. 18a, 08:51
Oier Ariznabarretak erraz irabazi zuen hirugarren aldiz Berako Mendi Maratoi Erdia.

547 korrikalari abiatu ziren igandean Manttalek antolatutako lasterketan eta 528 helmugaratu ziren

Oier Ariznabarreta (Durango), 1:40:16-eko denborarekin eta Laura Sola (Uztarroze), 2:01:55-eko denborarekin, irabazle suertatu ziren apirilaren 17an Berako XII. Mendi Maratoi Erdian. Oier Ariznabarretak ez zuen arazorik izan gizonezkoetan irabazteko, Joxe Amunarrizen  (Hondarribia) eta Beñat Marmisolleren (Atarratze) aitzinetik, hurrenez hurren, Larun mendia punturik altuena zuen (900 metro) eta 2700 metrotako desnibela zeukan 21 kilometrotako ibilbide gogorrean. Durangokoarentzat hirugarren garaipena da, bata bertzearen ondotik. Ikusi argazkiak

 

 

Bezperan herri kirolak

Probaren aurrekari bezala, bezperan Herri Kirolak izan ziren Toki Ona kiroldegi kanpokaldean Ikusi argazkiak. Haurrentzako froga ezberdinak izan ziren (txingak, korrika, zaku lasterketak e.a.). Xabier Ariztegi etxalartarrak eta Estitxu Almandoz lesakarak harrijasotzaileek hiru harri ezberdin altxatuko dituzte. Ondoren, herriko bi talde mixtok, froga konbinatua egin zuten, hala nola koxkor biltzea, zaku lasterketa, aizkora, trontza eta lasterka. Azkenik froga herrikoi bat izan zen ikusle guztiei irekia eta  irabazleentzat sari bereziak izan ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun