Lehenbiziko aldiz udalekuak izanen dituzte saharar haurrek Elizondon

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko api. 15a, 12:34
Saharaztan elkarteari esker urtero Saharako haur talde batek udako bi hilabeteak Baztan-Bidasoko familiekin pasatzen ditu. Aurten urrats handiagoa egin dute, Bakelekua eskainiz.

Udal, gizarte eragile eta herritarren laguntza eskatu dute Elizondoko Lanbide Eskolan 20 neska-mutiko hartuko dituen Bakelekua babesteko

Saharaztan elkarteak urteak daramazki saharar herriari bere elkartasuna eta laguntza eskaintzen, eta Oporrak Bakean proiektua izaten da bere egitasmo nagusia. Honi esker, urtero saharar haurrak Baztan-Bidasoko familietara ekartzen dituzte udako bi hilabeteak pasatzera. Bi helburu nagusi ditu Oporrak Bakean egitasmoak: batetik, basamortuko udako egoera latzetik umeak atera eta oporrez gozatzeko aukera eskaintzea eta bertzetik, elikadura osasungarria eta mediku arreta ematea. Aurten, ordea, proiektua sendotu nahi izan dute eta Bakeleku Nafarroa aurkeztu dute apirilaren 14an.

Saharaztan eta Eneko Euskal Trenbideetako Langileak Mugarik Gabe elkarteek, ANASen (Saharako Lagunen NafarroakoElkartea) laguntzarekin, gure eskualdean abian paratu nahi duten egitasmoa da Bakeleku Nafarroa. Hala, Oporrak Bakean programako hogei haur saharar Elizondon izanen dira udaleku batean.

Elizondoko Lanbide Eskolaren egoitzan izanen dira udaleku horiek. Baina horretarako Saharaztanetik laguntza eskatu diete Baztan-Bidasoko udal, gizarte eragile eta herritarrei: «laguntza beharko dugu guztion artean egitasmo hau aitzinera eraman ahal izateko: janariak, arropak eta begirale moduan boluntarioki lan egin nahi duten gazte edo helduak, eta 20 ume hauen etorrerak dakarren gastuei aitzin egiteko diru-laguntzak beharko ditugu», adierazi zuten aurkezpenean.

Bidebatez, eskerrak ere eman dizkiete Elizondoko Lanbide Eskolako zuzendaritzari, Baztango Udalari eta Baztan-Bidasoko biztanleria, eragile eta udalei.

Erlazionatuak

Mixel Gereka-Saharaztan

Xorroxin irratia 2016 api 15 Baztan

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun