Europako Orientazio txapelketa Aralarren jokatuko da abuztuaren 27 eta 28an

Ttipi-Ttapa 2016ko api. 15a, 10:08
Plazaolako Partzuergo Turistikoan egin zuten abuztuan Aralarren jokatuko den Europako txapelketaren aurkezpena.

Antolaketan lagundu duen Plazaola Partzuergo Turistikoaren egoitzan egin dute aurkezpena

Europako Orientazio (Rogaine) txapelketaren hamahirugarren edizioa abuztuaren 27 eta 28an jokatuko da Aralarren. Apirilaren 12an Plazaolako Partzuergoko Turistikoaren egoitzan egindako aurkezpenean bai kirol arloan bai turismo aldetik ere zonalderako izanen duen garrantzia azpimarratu zuten.

 

Probak entrenamendu‐saioak izango ditu aurretik (Aralarretik kanpo). Txapelketaren bilgunea Lekunberrin egongo da eta, ostegunean (abuztuaren 25ean) bertan hartuko dira dortsalak eta azalpen teknikoak emango dira. 26an (ostiralean), txapelketaren bilgunea Albiko zelaietan jarriko da eta bertan “jokagunea” aurkeztuko da eta beharrezko oharrak emango dira); eta, larunbatean (27an), 09:30etan, kontrol eta puntuazioekin orientazio‐mapa banatuko da (mapa “mutuak” dira, non kotarik gabeko isestra‐kurbak, urmaelak eta landaredi eremuak besterik ez dauden).

Proba, larunbatean (abuztuaren 27an) hasiko da 12:00etan (10:00etatik 12:00etara estrategia prestatzen da), eta igandean, (abuztuaren 28an) 12:00etan. Ikusleeak, proba zuzenean jarraitzeko aukera izango dute, live track segimendua egingo baita GPSren bidez. Horrela, pantaila batean partehartzaileen kokapena ikusiko da zuzenean.

 

%50 baino gehiago atzerritarra da

Izena emateko lehenengo epea bukatuta, 346 inskripzio daude eginak, eta horietatik ia %50a atzerritik dator. Ukraniarrek, errusiarrek, poliniarrek, daniarrek, alemaniarrek, etabarrek osatzen dute atzerritarren multzoa, baina azken unerako herrialde gertuenetatik (Frantzia eta Italiatik batez ere) inskripzio gehiago izatea espero da. Espainako Estatutik, batez ere, Madril eta Kataluniatik datoz inskripzio gehienak, baina txapelketaren data hurbiltzen den heinean, inskripzio gehiago izatea ere espero da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun