Lezamako pilota txapelketa irabazi dute Errandonea eta Martinez beratarrek

Ttipi-Ttapa 2016ko api. 8a, 07:30
Lezamako txapelketa entzutetsuan nagusitu dira Martinez eta Errandonea beratarrak.

Ezustea eman eta 22-11 irabazi zieten finalean Azpiri eta Zabala bizkaitarrei

Ander Errandonea eta Iñigo Martinez beratarrek irabazi dute Lezamako pilota txapelketaren 57. Edizioa, lehen mailako afizionatuetan. Apirilaren 1ean jokatutako finalean ezustea eman eta garbi irabazi zieten Elorrioko Azpiri eta Lezamako Txaber Zabalari, 22-11.

 

Lezamako txapelketa, afizionatu mailako entzutetsuenetakoa da. Errandonea eta Martinez finalaren hasieratik nagusi izan ziren. Martinezek gibelean dominatu egin zuen eta aitzinean Errandoneak ongi aprobetxatu zituen bere aukerak, 10-2 aitzinetik jartzeko. Baina ez zen erraza suertatu, bizkaitarrak beteranoak baitira eta 11-8ra hurbiltzea lortu zuten. Hurrengo tantuak erabakigarriak izan ziren, eta Errandoneak izandako inspirazioari esker, Berako bikotearen alde erori ziren. Azkenean 22-11 nagusi izan ziren eta Ander Errandonea finaleko pilotari onena izendatu zuten.

Promesas mailan ere txapela ekarri zuen eskualdera Goizuetako Iker Salaberriak. Arangurenekin bikote eginez, 22-14 irabazi zien Alberdi eta Aizpuruari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun