Leitzan Espainiako armadaren presentziaz galdetu du EHBilduk Nafarroako Parlamentuan

Ttipi-Ttapa 2016ko api. 7a, 15:13
Dabid Anat, EHBilduko parlamentari leitzarra.

Nafarroako Gobernuak maniobra hauen berri ba ote zuen galdetu du Dabid Anaut parlamentari leitzarrak, bertze zenbait galderen artean

Dabid Anaut Peña, EH Bildu talde parlamentarioko parlamentari leitzarrak, Leitzan Espainiako armadaren presentzia eta maniobrei buruzko galdera egin du Nafarroako Parlamentuko mahaiaren osoko bilkuran, Nafarroako Gobernuak erantzun dezan.

 

2016ko apirilaren 6an Espainiako armadako hainbat ibilgailu eta soldadu Leitzara joan  ziren, eta bertan ibili ziren ibilgailu militarretan nahiz oinez, baita herriguneko kaleetan ere, soldaduak oinez eta armak eskuetan. Leitzako Udalak ez zuen maniobra eta presentzia horren berri, inork ez baitzion horrelakorik jakinarazi, eta mugimendu horiek guztiak inolako segurtasun protokolorik eta abisurik gabe egin ziren.

Mugimendu militar horiek herritarren artean ezinegona, kezka eta haserrea sortu zuten, eta hala adierazi zioten Udalari hainbat dei eta kexaren bitartez.

Hori honela, honako galdera hauek egin dizkio Dabid Anaut parlamentariak Nafarroako Gobernuari: Bazuen Nafarroako Gobernuak maniobra horien berririk? Zein da Nafarroako Gobernuaren iritzia maniobra horien inguruan, eta maniobra horiek elkarbizitzarako giroan izan dezaketen eraginaz? Eta, bestalde, eman al dio Nafarroako Gobernuak Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzari maniobra horiek Leitzako Udalean eta Leitzako biztanleen artean sortu duten ezinegonaren eta kezkaren berri?

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun