Azkenean aurrera doa Goizuetako plaza zolaberritzeko proiektua

Ttipi-Ttapa 2016ko mar. 23a, 07:52
Miguel Angel Ederra ingeniari zibilak, proiektuari buruzko azalpenak eman zituen martxoaren 18an udaletxean. Argazkia: Felix Loiarte

Udalak 443.766,66 euroko inbertsioa egingo du plaza ingurua berritzeko

Zenbait gorabeheren ondotik, Goizuetako plaza zolaberritzeko proiektua aurrera doa azkenean. Udalak 443.766,66 euroko inbertsioa eginen du, baina Hirurteko Tokiko Inbertsio Planean sartua dagoenez, %60 inguru diruz lagundua izanen da. Joan den ostiralean proiektuaren berri eman zuen Migel Angel Ederra ingeniari zibilak udaletxean. Ekainaren 23a baino lehen hasiko dira obrak, baina festetan oraindik lanean ariko dira.

 

Goizuetako Udalak, Hirurteko Tokiko Inbertsio Planera (Plan Trienala) plaza berritzeko zolaketa proiektua aurkeztu zuen. 2014ko maiatzean, proiektua onartua izan zen 263.905,41 euroko diru laguntza emanez eta obrak hasteko urte beteko epea zehaztuz. Baina urte horretan udal korporazioak zailtasunak izan zituen lizitazio prozesua martxan jarri eta obrari hasiera emateko. Ondorioz, 2015eko maiatzean epe luzapena eskatu zen. Hala ere, toki administraziotik ezezkoa eman zioten luzapenari eta ondorioz, diru-laguntza kendu zen. Udalaren ustez, herrian proiektuak interes handia zuenez, udalak, alegazioa aurkeztea erabaki zuen.

2015eko abenduaren 23an alegazioa onartu zuten eta, ondorioz, diru laguntza berreskuratu zen eta sei hilabeteko epea jarri zuten lanak martxan jartzeko. Honek, obrak, ekainaren 23a baino lehenago hastea ekarriko du. Lanek bi hilabete baino gehiago iraunen dutela kontuan harturik, abuztuan zolaketa lanetan ariko dira plazan. «Beraz, festetako elkargunea eta eskaintza kulturalaren eszenatoki nagusia izanik, obrak ahalik eta eragozpen gutxien sor ditzan ahaleginduko gara» adierazi dute Udaletxetik.

Begi-bistakoa da zola berritzeko premia dagoela urte guzti hauen igaroak sortutako kalteengatik eta herritarren elkargunea izanik, duen garrantziagatik. Migel Angel Ederra ingeniari zibila da zolaketaren proiektua diseinatu duena eta martxoaren 18an azalpenak eman zituen Udaletxean egindako hitzaldian.

Plaza ingurua izango da berrituko dena eta besteren artean, erabiliko den baldosaren bidez, oinezkoak izango du lehentasuna lanak bukatu ondoren plazak hartuko duen itxuran. Osotara, lanen gastua 443.766,66 eurokoa izanen da (BEZ barne).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun